Satorralaiak egindako agerraldi batean, metroaren igarobideagatik kaltetuak izango diren bizilagun batzuek hitz egin dute.
Metroaren aurkako protesta, gaur goizean, udaletxe aurrean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak protesta bat egin du gaur goizean, udaletxearen aurrean. Bertan, salatu dute Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekitaldia metroaren igarobidearen proiektuko Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko.
Denok gara kaltetuak lelopean, desjabetze prozesu horrek hartzen dituen hainbat eremu publikoren okupazioak herritar guztion ondare komuna diren ondasunei kalte egiten diela nabarmendu dute. Zehazki, azaldu dute Antiguako Zarautz etorbideko 33 eta 35 zenbakietan kaltetzen dituen etxeetako bizilagunek ez dutela inolako informaziorik jaso: “Aktak sinatzera deitu dituzte, horren ondorioak zeintzuk izango diren jakin gabe”.
Horren adibide da Ana Orella. Bere amona 33. zenbakian bizi da: “Inork ez gaitu ezertaz informatu. Nire amona eta bere bizilagunen etxebizitzaren atzean zulo handi bat egin nahi dute, eta, gainera, desjabetuz gero, galduko luke nire amonak bertan edozer egiteko aukera, lursaila erabat blokeatuta egongo litzateke. Beharrezkoa ez den obra faraoniko bat da. Donostiako erdialdean lau geltoki jarri nahi dituzte, baina ez dira beharrezkoa, erdialdea oso ondo konektatuta dago jada. Ez gaude ados horrekin, eta ez ditugu akta horiek sinatuko.
“Interes publikoa, auzitan”
Udalaren jarrerari dagokionez, gai honen inguruan informazioa eta eztabaida sustatu beharrean, “herritar guztionak diren eremu garrantzitsuak okupatzeko erraztasunak” ematen ari dela salatu dute. Esaterako, Benta Berri kiroldegiaren ondoan eta plazan erabilpen handia duten eremuak, Zarautz etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko bide publikoak, eta Pio Baroja kiroldegiaren alboan dagoen Izurun plaza.
Satorralaiaren ustez, desjabetza hauek ez dira bidezkoak, “metroaren igarobidearen behar soziala eta interes publikoa auzitan daudelako”. Horregatik, gogor salatu nahi izan dute erankudeek “egitasmo defendaezin” horren inguruan bereganatu duten “jarrera inposatzailea”, eta eskatu Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari metroaren pasantea eraikitzeko izapideak bertan behera utz ditzatela.