Bidaiari batek Dbuseko gidari bati eraso egin dio
Dbus autobusen udal konpainiako gidari batek pairatutako erasoa gaitzetsi dute Donostiako Udalak eta Dbusek. Erasoa gaur gertatu da, Benta Berri Añorga linean, eta bidaiari bat izan da erasotzailea. Bulebarreko geltokian autobusa galdu du eta hurrengo zerbitzua hartu du Benta Berriraino. Han itxaron egin du galdutako autobusa Añorgatik bueltatu arte, eta autobusean sartu ondoren, gidariari eraso egin dio aurpegian. Gidaria osasun zentro batera joan da pairatutako zauriak tratatzeko, eta erasoa salatuko du.
Mugikortasun eta Garraiotako zinegotzi Pilar Aranak, Udalaren izenean, bere babesa adierazi nahi dio langileari, eta Konpainiako langileen aurkako edonolako indarkeri mota baztertu nahi du, mota horretako ekintzak gertatzea salatuz. Era berean, egiten duten lanak merezi duen errespetua ere nabarmendu nahi du.