Arazoak identifikatu dituzte
Parte Zaharreko bizilagunen urteetako kexen ondorioz, udalak auzoaren egoera aztertzen duen txosten bat egin du; auzoaren problematika identifikatu eta arazoak konpondu nahi dituzte.
Parte Zaharreko bizilagunen aspaldiko eskari bati erantzunez, udalak Parte Zaharraren kudeaketa bateratua eta partaidetzazkoa egiteko proposamena egin du. “Parte Zaharreko herritarrak eta auzoko kolektiboak ezinegonik daude, ikusita zenbateraino egin duten gainbehera Parte Zaharra eta haren inguruak”, azaldu du udalak. Ondotxo dakite urteak daramatzatela beraien kezka behin eta berriz azaltzen. Hori dela eta, konponbide bat eman nahi diete.
Parte Zaharraren kudeaketa egin ahal izateko udalak auzoaren eremu geografikoa zehaztu du: Urgull mendia, Parte Zaharra, Zabalgunea, Kaia eta Bulebarra. Bestalde, azterketa egin ahal izateko hiru ezaugarri hartu ditu kontuan: soziodemografikoa, ekonomikoa eta, azkenik, hiritarra.
5.353 pertsona daude erroldatuta Parte Zaharrean (kaskoa, Kaia eta ekialdeko zabalgunea kontuan hartuta). Donostia, oro har, hiri zaharra da, eta batezbestekotik gora dago Parte Zaharra. Auzoko biztanleriaren %32,20 dira 60 urte baino gehiagoko biztanleak. Hiriko batezbestekoa, berriz, %23,22koa da. Dimentsio ekonomikoari dagokionez, Parte Zaharrean 281 lokal daude: 158 denda, 84 taberna eta jatetxe, 19 bestelako lokal eta 20 lokal huts. Merkataritza eskaintzari erreparatuta, aldiz, honakoa ikus daiteke: 16 dira soilik bertako produktuak eskaintzen dituzten saltokiak. Gainerako merkataritza eskaintzaren %90a –hau da, 142 lokal– oroigarrien dendek, bazarrek edo lokutorioek osatzen dute; eta horietatik 39, bereziki turistei begira jarritakoak dira. Etxebizitzei dagozkien datuak ere esanguratsuak dira. Izan ere, iazko datuen arabera %17 egin zuen gora alokairuak.
Guzti horrek hainbat albo kalte sortzen ditu auzoan: Besteak beste, garbitasun falta, ostalaritzaren hazkunde neurrigabea, ordenantzak ez betetzea, zenbait mugikortasun eta segurtasun arazo, jardueren gehiegizko kopurua eta etxebizitza turistiko irregularren ugaritzea.
Arazo horiek guztiak elkarrekin lotuta daudela uste du udalak, eta, horregatik, arazo bakoitzari banaka heldu ordez, konponbide «integral bat» lortzeko apustua egin du: “Egun Parte Zaharra zein egoeratan dagoen ikusirik, beharrezkotzat jotzen da auzo ekintza komunitarioko prozesu publiko bati heltzea, eta, horretan, alderdi estrategikoa eta erabakigarria da partaidetza”. Joan den asteartean aurkeztu zion udalak txostena Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari eta laster hasiko dira auzoko beste eragile batzuekin ere kontrastatzen. Irutxuloko Hitza auzo elkartearekin jarri da harremanetan, baina oraindik ez du baloraziorik egin nahi izan.
Ez dira gutxi udalak Parte Zaharrerako jarri dituen helburuak: “Eragile guztien artean zein auzo eredu egin daitekeen definitzea; han bizi direnen bizi kalitatea hobetzea; bizilagunen bizitza garapenari bide ematea; bizilagunen, auzoa erabiltzen dutenen eta bisitarien arteko oreka lortzea; auzoaren izaera errespetatzea; ondare materialari eta bestelakoari lotutako elementuei eustea; hiriko gaineko eremuekiko orekari eutsiko dion hiri garapena ahalbidetzea; eta, azkenik, hiri kudeaketak ate joka dituen erronkei bide ematea”.
Aurretik egin direnak
Ez dira beti berberak izan Parte Zaharrak eduki dituen arazoak, eta udala garai bakoitzean auzoak izan dituen erronkei heltzen ahalegindu dela azaldu du. Hainbat dira 80ko hamarkadatik gaurdaino hartu dituzten neurriak.
1980an auzoa oinezkoentzako eremu bihurtzen hasi zen udala. Bi arrazoi nagusi zituen horretarako; alde batetik, bizilagunak kexu ziren auzoaren gainbehera ikusita, bestetik, Zaharrean merkatarien elkarteak Parte Zaharra bizikidetzarako gune bihur zedin eskatu zuen.
1986an udalak Parte Zaharra birgaitzeko plan bat onartu zuen; ondoren, hurrengo urtean, auzoa Kultura Ondasuneko Multzo Historiko deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Historia eta Arte Ondarearen zuzendaritzak. 1992an Parte Zaharra eta Kaia Birgaitzeko Plan Berezia onartu zen eta 1995ean, berriz, Donostiako Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Plan horretan, Parte Zaharra erdialdearen esparruan kokatu zuten, eta oinezkoei lehentasuna eman zieten. Urtebete eta gero, 1996an onartu zuten Bulebarra onezkoentzat izatea.
Hortik aurrera, Parsiva1 Donostiako Parte Zaharra Birgaitzeko Sozietateak hartu zuen ardura, eta hirigintza hainbat esparrutan esku hartu zuen. Azken urteetan, berriz, hainbat gauza egin dituzte: horien artean, eraikinak hobetu; ur, gas eta telefonia zuntz optikoa eta elektrizitate hornikuntza lurperatu, plaza eta espazio publikoen egokitze lanak egin; aisialdirako lokalak arautu; eta igogailu berriak instalatu.
Bide luzea
Udalak txosten honen bitartez, arazoak identifikatu eta hainbat konponbide proposatu ditu. Horietako batzuk epe laburrean aktibatu nahi ditu: tartean, etxebizitza turistikoen ordenantza edo kaiko biltegiko eraikina berritzea. Horrela Donostiako portuaren jarduera biziberritu nahi dute.
Hala ere, zirriborroa “irekia eta bizia” dela azpimarratu du udalak eta kudeaketa programa bateratua eta partaidetzazkoa aurrera eramateko bost fase definitu ditu: lehenengoa, eragileen mapa osatzea izango da eta horretarako prozesuan parte hartuko duten eragileak identifikatu nahi ditu udalak; bigarren urratsa, eragileek txostena balioztatzea da; hirugarren fasea, eragileen eredua balioztatzea eta hobetzea; laugarrena kudeatzeko eta parte hartzeko mekanismoak adostea; eta, azkenik, bosgarren fasea jarduteko plana balioztatzea edo berriro diseinatzea eta gauzatzea izango da.
Partaidetza prozesua gauzatzeko udalak lan batzorde bat sortu nahi du: “Lan Batzordea hiru eremuren –kudeaketa publikoaren eremua, auzokoen eremua eta erabiltzaileen eremua– arteko elkarrizketa esparru orokorra izan go da”.
Jon Insausti EAJko zinegotziari egindako elkarrizketa: “Etorkizunean izango dugun Parte Zaharra eraiki nahi dugu”


