Aurrekontuen eztabaida egingo dute abenduan
Hilabete hasieran aurkeztu zuen udal gobernuan 2018ko aurrekontuen proposamena, eta abenduaren 5era bitarte dute udal taldeek zuzenketa aurkezteko epea. Abenduaren 15ean zuzenketa horiek eztabaidatu eta onartuko dira Ogasun batzordean, eta abenduaren 22ko udalbatzarrean egingo da aurrekontuei hasierako onarpena emateko epea.
444.929.770,66 eurokoa izango da Donostiaren 2018ko aurrekontua. Iazkoa baino %6,88 handiagoa izango da aurrekontua, eta udalak inbertsioak egiteko esfortzu handiagoa egingo du. Horretarako, ohiko gastua %3,3 handituko da, eta inbertsioak %18,5 igoko dira.
Eneko Goia alkateak adierazi du gizarte gastua indartzeko konpromisoarekin jarraituko duela udalak. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak, berriz, esan du presio fiskala ez dela handituko.
Oposizioko alderdiek ez dute aurreratu zein zuzenketa aurkeztuko dituzten. Horrela ere, udal gobernuak egindako proposamenaren lehen irakurketa eskaini dute. Politika sozialen aurrekontuaren pisua jaitsi dela salatu dute EH Bilduk eta Irabazi Donostiak. Aurrekontu orokorra %6,88 igo denean, politika sozialen zatia%6,17ra jaitsi dela esan du EH Bilduk.
Aurrekontu igoerari dagokionez, horrek Anoetako berritzearekin harremana duela adierazi du Irabazik. Aldiz, beste alor batzuetara bideratzen den diru kopuruak behera egin duela salatu dute.
Udalak diru kopuru «esanguratsua» izango duela esan du PPk, baina zalantzan jarri du udal gobernuak hori kudeatzeko duen gaitasuna.


