Rafa Rueda: «Plazer handia da kontzertu bira horrelako leku batean hastea»
Hiri kristalezkoa bosgarren diskoa aurkeztuko du Rafa Rueda musikariak, gaur, Viktoria Eugeniako Klubean (20:00). Kontzertu birako lehena izango da.
Bizkaitarra izanik, Donostian abiatuko duzu diskoaren aurkezpen bira. Nolatan?
Kasualitate hutsa da. Horrela etorri dira emanaldiak. Aretoa oso gustukoa dut eta aukera sortu zen azaroaren bukaeran. Aretoa zoragarria da eta oso nire neurrikoa. Plazer handia da kontzertu bira horrelako leku batean hastea.
Emanaldiaz zer aurreratu dezakezu?
Kontzertua, neurri handi batean, Hiri kristalezkoa diskoan oinarrituko da, baina aurreko lanen kantuak ez dira faltako. Akaso, PILT-ren bertsioren bat ere. Laukote formatuan taularatuko gara, teklatuan Txus Aranburu, baxuan Jaime Nieto, baterian Ander Zulaika eta ni neu. Teklatuak protagonismo handiagoa izango du.
Lan berriak kontzeptu bat du oinarrian, ezta?
Hiria da diskoa harilkatzen duena. Hiriko biztanleak izatea da pertsonaia guztiak komunean dutena. Hiriak gure gizartearen bizimodua ezin hobeto irudikatzen du, eta pertsonei buruz hitz egiteko aitzakia ona ikusi nuen honetan. Pertsonaiek, bogan dauden hainbat egoera eta gai azaleratzen dituzte. Diskoak hori irudikatzen du, hamar biztanle ezagutzeko aukera ematen dizun paseo hiritarra.
Idazleen laguntza izan duzu hitzetan: Harkaitz Cano, Miren Amuriza, Unai Iturriaga, …
Beraiek izan dira diskoan zehar agertzen diren pertsonaiei forma eman dietenak. Hiritar ezberdinen istorioak agertzea nahi nuen eta hauek, musikatik abiatuta, gorpuztu egin dituzte. Idazle hain ezberdinak izanik, harritu egin nau hari narratiboaren koherentziak.
Kristalezko hiria da Donostia?
Gaur egun, hiri guztiak dira kristalezkoak. Ezer ezkutatzea ia ezinezkoa egiten zaigu dena zainduta dagoen garai honetan, bereziki gune urbanoetan. Ikus ezinak bezain kontrolatuak eta gardenak bihurtzen gara halakoetan. Horretan, Donostia kristalezkoa da ere. Ziur nago diskoko pertsonaiak, Donostian ere, egunero gurutzatzen ditugula.
Irakurri elkarrizketa osorik.


