20 hotel inguru gehiago egin nahi dituzte datozen urteetan
Ahoz aho ibili da turismoaren gaia 2017an. Eredua zalantzan jarri dute hainbat eragilek eta bizilagunek; udalak, aldiz, turismo eredua «neurrikoa eta eredugarria» dela uste du.
Komunikabideetan, autobusetan, tabernetan, etxean, udalean, dendan, leku guztietan izan da aurten hizketagai turismoa. Saturazioaz hitz egin dute batzuek, neurrikotasunaz eta moderazioaz besteek. Zalantzarik gabe turismoa izan da aurten hirian protagonista nagusietako bat, eta horrekin batera turismoak sortu dituen ondorioak.
Datuei erreparatuta ez da hazkunde nabarmenik egon. Eustat, Euskal Estatistika Erakundearen arabera azarora arteko datuei erreparatuta %2,77 egin du gora turista kopuruak iazko urtearekin alderatuta. Abuztuan etorri da jende gehien – 156.240 pertsona– eta gehienak Madrildik.
Turistentzat ohe gehiago
Hala ere, etxebizitzen arazoa alokairutik harago doa. Etxebizitza blokeak, nolabait, hotel bihurtu nahi dituztela azaldu du Burutaranek. Gaur egun, hirian 9.100 oheko eskaintza dago hotel, hostal eta aterpetxeak kontuan hartuta; eta, Airbnb-ren webgunean, berriz, 4.553 ohe eskaintzen dira. Datozen urteetan eraikitzea aurreikusten duten hotel kantitatearekin nabarmen egingo du gora ohe kopuruak, izan ere, 20 dira orain dela gutxi ireki dituzten, obretan dauden edo tramitazioetan dabiltzan hotelak. Gehienak, Parte Zaharrean, Erdialdean eta Antiguan.
Parte Zaharra: Mari kalean, Kaian, 17 logelako hotel bat egiten ari dira; handik gertu, Lasala plazan bere bigarren hotela egiten ari da SADE zinema gestoria eta 69 logela izango ditu; Kale Nagusiko 18. zenbakian ere lau izarreko hotel bat egin nahi dute 151 logelarekin, azken hau tramitazioan dago.
Erdialdea: San Martin kaleko Mariaren Zerbitzariak komentua hotel bihurtzen ari da Zenit taldea, 81 logela edukiko ditu eta obretan dago oraindik; kale berean 13 eta 15 zenbakidun eraikinetan hotelak egin nahi dituzte, guztira 34 logela izango dituzte baina oraindik ez dituzte lanak hasi; Easo kaleko aterpetxean, berriz, hotela egin ahala izateko eraikina handitu dute; San Bartolome komentuan ere lau izarreko hotel bat egingo dute 122 logelarekin eta tramitazio fasean dago; azkenik, Zubieta kaleko 26. zenbakian beste hotel bat egin nahi dute Londres hotelaren jabeek.
Antigua: Heriz pasealekuan 150 oheko aterpetxe bat ireki dute; Matia kalean, berriz, 14 logela eta 86 erabiltzaile hartzeko adina leku izango duen aterpetxe bat egin nahi dute, oraindik ez dira hasi.
Hiriko beste hainbat lekutan ere eraikiko dituzte hotelak: Poliklinika ondoan lau izarreko hotel bat eraikitzen ari dira eta 73 gela edukiko ditu. Grosen Arrizul kateak lau izarreko hotela ireki du 46 gelarekin, dena den, oraindik kontzesioa eta baimena falta zaizkio. Jai Alaiko etxe batean hiru izarreko hotel bat egin nahi dute 16 gelarekin, tramitazioan dago.
Igeldon Subijanaren Akelarre jatetxean hotela egin dute 23 logelarekin; Aldunaenen eta Urumea ibaiaren hertzean, 14 logelako hotela zabaldu du Arrizul kateak. Egian, Tabakaleran, lau izarreko hotel bat eraiki nahi dute, 43 logelarekin. Ibaetan eta Añorgan ere badaude proiektuak: Errotazahar bideko 142 zenbakian, 12 logelako hotel bat eta Portuetxe bideko 35 zenbakian lau izarreko hotel bat egin nahi dute 151 logelarekin, baina dokumentazioaren zain daude.
Azkenik, Amara kaleko 26 zenbakian, lehengo Aldapetako kuartelean, lau izarreko hotel bat egiteko asmoa dute, 100 logelarekin.
Hotel hauez guztiez gain, badaude datozen urteetan eraikitzea posible den beste hainbat hotel, nahiz eta oraindik ez dagoen ezer zehaztua; tartean, Satrustegi dorrea,Mirakontxa pasealekuko txalet bat, Frantzia pasealekuko etxe bat eta Miramar Jauregia.
Polemika sortu du azken honek: Miramarren hotel bat eta jatetxe bat jartzeko aukera dagoela azaleratu du egunkari batek. Hori dela eta, Irabazi, PP eta EH Bildu udal taldeek mozio bana aurkeztu dute azken udalbatzarrean eta oposizioko hiru taldeekin bat egin du alderdi sozialistak ere. Gainera, eraikina kudeatzen duen partzuergoa uztekotan dago Eusko Jaurlaritza. Albisturrek salatu du inbertsioa egiteko unean “ospa” egin nahi duela. Goiak, aldiz, azpimarratu du ahaleginak egiten ari direla Jaurlaritzak partzuergoan jarrai dezan, eta, Miramarri dagokionez, gaineratu du errentagarritasuna bilatu behar zaiola defizitari aurre egiteko.
Baina beharrezkoa al da hotel gehiago eraikitzea? udaleko alderdi politikoen artean desadostasunak daude. Miren Albisturrek azaldu du 2012-2016 turismo planean aho batez onartu zutela alderdiek hirian hotel gehiago behar zirela, eta Udal Gobernuak dio turismo eskaintzari aurre egiteko beharrezkoa deta hotel gehiago eraikitzea. Amaia Martin Irabazi Donostiako zinegotziak, aldiz, azpimarratu du Donostian 4.000 etxebizitza huts daudela, etxebizitza guztien %4,4: “Holandan adibidez soilik %1,5 daude hutsik”. Uste du badagoela nondik ikasia eta gogorarazi du auzotarrak beraien auzoetan bizitzen jarraitu ahal izateko neurriak hartu dituztela antzeko egoeran dauden hirietan. Bat dator horretan EH Bildu ere.


