Sendagilea da Idurre Labaka, eta aurten bukatuko du familia medikuntza espezialitatea; benetako pasioa mendizaletasuna duenez, bere lanbidearekin uztartzea du amets.
Idurre Labaka; Medikua.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Urteak ikasten igaro ostean, lanbidea barrutik ezagutzen ari da azken urteetan Idurre Labaka (Amara Berri, 1987). Tentsioa eta azkar egin beharreko lanak ditu gogoko, eta bere esperientziaren berri eman digu.
Betidanik argi izan zenuen medikuntza ikasi nahi zenuela?
Bai, zera! Ez da batere bokaziozkoa izan, mendia da nire pasioa. Nota nahiko txukunak nituen eta ez nekien zer ikasi. Bizilagunak medikuntza ikasten zuen… eta ni ere horrela hasi nintzen. Gero, utzi eta matematika ikastera joan nintzen, baina gero berriz itzuli nintzen. Azkenean, duela lau urte bukatu nituen ikasketak, eta gero BAMEa (Barruko mediku egoiliarra) egiteko azterketara aurkeztu nintzen. Ondoren, familiako espezialitatea aukeratu nuen, ez nuelako zerbait zehatza nahi. Sei urte neramatzan denetik ikasten eta familia da orokorrena espezialitateetatik. Gainera, larrialdi zerbitzuetako saltsa betidanik gogoko izan dut, baina espezialitate hori ez da existitzen, eta familiakoa da gehien gerturatzen dena.
Nola moldatu zara BAMEan?
Azterketa egiteko akademia batean aritu nintzen, eta egoiliar gisa laugarren urtea egiten ari naiz. Gaixoak ikusi ditut, hasieran arduradun batek gainbegiratuta, gero, gutxiago. Beti izan dut zalantzak argitzeko aukera, eta ikastaro asko egin ditut hezkuntza horri begira.
Non ibili zara?
Lau urte hemen egin behar nituen, baina hiru hilabete kanpoan egin nitzakeen. Hilabetez Puigcerdara joatea aukeratu nuen, Kataluniako Pirinioetara, Cerdanyara, han dagoen ospitale batera. Nazioarteko lehenengo ospitalea da, Europa mailan, eta interesgarria iruditu zitzaidan kudeaketa ezagutzea. Horrek esan nahi du artatzen dituztela kataluniarrak, espainiarrak eta frantziarrak. Normalean, hemengo ospitaleetan, atzerritar bat hartzen badute, gero faktura pasatzen diote dagokion estatuari. Puigcerdan, frantziarrak paziente bat gehiago dira. Hizkuntzagatik ere aukeratu nuen, eta, gainera, eski estazio batean lan egiteko aukera eman zidaten, hango kontsultan. Ospitale hortako langile askok lan egiten dutelako han.
Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona! Hilabete bat bakarrik izan zen, martxoa, baina askorako eman zidan eta asko ikasi nuen. Egoten nintzen astean pare bat egunez ospitaleko larrialdietan, eta beste pare bat egunez estazioan. Ospitalea txikia da eta bakarrik egoten nintzen, ia-ia, pare bat espezialistekin; egon zitezken ginekologoa edo pediatra, guardian baldin bazeuden. Eski estazioan mediku bakarra nintzen, gainbegiratzen zuenarekin, erizain batekin eta teknikari batekin, eta lanerako materiala ere justua zen. Hori kontsultan, baina zauritua pistan bazegoen eta ezin bazuen mugitu, pisterrak sartzen ziren jokoan. Pisterrak joaten ziren elurretako motoarekin, ohatila hartuta…
Denetik egingo zenuen orduan, ezta?
Bai, denetik ikusten genuen. Egunerokotasunean gazte jendea ibiltzen zen batez ere, eta bailarako jendea. Denetik gerta zitekeen, gaixoak egotea eta bihotzeko bat edo epilepsia bat egotea. Asteburuetan Bartzelonako jende pila bat etortzen zen, traumatismo serioagoak egoten ziren, jende asko pilatzen zelako, eta hezur hausturak eta zauriak egunero genituen.
Kirola egiteko aukera ere bazenuen?
Bai! Ireki aurretik eta ixtean joaten ginen eskiatzera. Sekulako aukera izan zen, lantokitik ia mugitu gabe zure gogoko kirola egitea izugarria zen.
Orain larrialdietan eta anbulantzian zabiltza. Nolakoa da horko lana?
Zarauzko anbulatorioan nabil. Astean zehar tutorearekin pasatzen dut kontsulta, eta hilabetean lau guardia egiten ditut. Guardiak banatuak egon daitezke, larrialdi zerbitzuetan, sorospen etxeetan, edo anbulantzietan. Orain arte, ikasteko aukera gutxi izan dut anbulantzian, ez dut «zorterik» izan zentzu horretan, gaixo gutxi izan ditudalako. Bestela, oso talde jatorrarekin nabil, beti daude irakasteko prest, eta oso ondo moldatzen gara. Asko gustatzen zait gelatxoan lasai egotea, eta bapatean joatea, pistaren batekin, baina bertaratu arte zerekin topo egingo duzun jakin gabe.
Itzuliko zara Puigcerdara?
Asmoa behintzat badut. Maiatzean ikasketak bukatu eta nire ideia litzateke udan hemen egotea eta neguan joatea Puigcerdara edo beste nonbaitera. Puigcerdan oso gustura egon nintzen eta gustura itzuliko nintzateke. Ospitaleak, larrialdi zerbitzuetatik aurrera, ez zaizkit gustatzen. Egia da batzuetan jakinminarekin geratzen zarela larrialdietan artatu duzun norbaitek ea nola bukatu duen, eta batzuetan informatu egiten naiz, batez ere, ikasteagatik. Anbulategietan askotan kosta egiten da konfiantza lortzea, baina gero etxekoa bezala egiten zara. Zaharrekin aritzea asko gustatzen zait, baina haurrek errespetu gehiago ematen didate, anbulatorioan beti hamalau urtetik gorakoak izaten ditugulako.
Kirol medikuntzan ikusten zara?
Mendiko mendikuntzari buruz egin ditut ikastaroak erreskatekoak, eta asko gustatu zaizkit. Oraindik asko dut ikasteko, baina aurten ikasketak bukatzeko gogoa dut. Agian aurrerago egingo dut beste espezialitateren bat, baina momentuz ez. Halare, gure lanbidean beti ari gara ikasten, formakuntza jarraian, eta gure kontu ere bai.
Osasungintza publikoa nola ikusten duzu?
Badaude itxaron zerrendak, eta badaude gauzak hobetzeko, baina orokorrena ongi ikusten dut. Batetik, gizartea gero eta zaharragoa da, gaixotasun kroniko gehiago daude, eta lan karga handia izango dugu. Bestetik, gizartea asko hezi da osasun arloan, baina oraindik asko dugu egiteko, Adibidez, askok ez dute ideiarik ere lehen sorospenetan.