San Martin kaleko espaloiaren lanak, udaberrirako
Gabonetako oporraldia bukatutakoan abiatuko dituzte, berriz ere, San Martin kaleko espaloia zabaltzeko lanak. Hilabeteko etenaldia egin dute komertzioei ahalik eta kalte gutxien egiteko Gabonetako salmentetan. Hori amaituta, astelehenean, urtarrilaren 8an, hasiko dira lanekin. Apirilerako bukatzea aurreikusten du udalak. Beraz, udaberrirako San Martin kaleak itxura berria izango du.
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak lanen epemuga luzatzea erabaki du, lau hilabete eta erditik sei hilabete eta erdira. Bide Publikoetako zinegotzi Miguel Angel Diezek azaldu du epeak zabaltzeko arrazoia dela EDP Naturgas eta Iberdrolak baliatu dituztela lanak eskaintzen dituzten zerbitzuen azpiegiturak berritu eta hobetzeko.
Hala, lanek eragina izango dute zirkulazioan; zehazki, Amaratik Erdialdera datozen ibilgailuetan eta Antiguatik datozenetan ere bai.
Aurrekontua 387.001 eurokoa da. Egiten ari diren lanen bidez, 150 metro zabalduko dituzte Manterola eta Urbieta tarteko San Martin kaleko espaloiak, 3.5 metro izateraino. Asmoa da zirkulaziorako hiru errailak mantentzea, nahiz eta zertxobait estuagoak izan. Dagoeneko lan batzuk aurreratu dituzte, eta zenbaki bikoitien aldean espaloiak zabalera handiagoa du.