Irudia nahiago du hitza baino
Intxaurrondoko kultur etxeak azaroan abiatu zuen komiki solasaldien zikloa. Urteari hasiera emateko bigarren saioa egin dute, eta Asisko Urmeneta gonbidatu dute ‘Eusklabo alaiak’ liburua aurkezteko.
Komikiaren unibertsoak ez du mugarik. Unibertsoa bezain ezezaguna da, ordea. Sortzaileak gonbidatuz eta solasaldi entretenigarrien bidez unibertso horren ezagutza konpartitzeko asmoa du Intxaurrondoko kultur etxeak. Azaroan hasi zuten komiki solasaldien denboraldia, eta ekaina bitarte hainbat saio egingo dituzte euskaraz zein gaztelaniaz, hilabeteko lehen asteartetan.
Urtea umoretsu hasteko Asisko Urmeneta marrazkilaria gonbidatu zuten euskarazko bigarren saiora. Iazko urte bukaera aldean argitaratu zuen Eusklabo alaiak eleberri grafikoa Gure Berriak komunikabidearen eskutik. Umorea, politika, hitz jokoak eta beste hainbat osagai biltzen ditu komiki liburuak.
Arreta aise bereganatu zuen Urmenetak, eta tarteka harridura ere sortu zuen solasaldira hurbildu zirenen artean. Lehenik, iruindarraren ibilbidea eta argitaratutako lanak errepasatu zituen Igor Leturia solasaldiaren gidariak. Ondoren, luze eta zabal aritu ziren Urmeneta, Leturia eta galdera bat edo beste egitera ausartu zirenak.
«Hitza eta irudia dira komikigintzaren oinarriak. Bi makuluak baliatzen ditugu sortzeko», azpimarratu zuen Urmenetak. Bien artetik nahiago du irudia:«Sekulako garrantzia du irudiak gure bizitzan. Baina hitzarekin korapilatzen gaituzte nahi duten bezala. ‘Bakea’ hitzak ez du konnotazio bera Palestinan edo Israelen, Espainian edo Euskal Herrian. Korapilo horren aurrean irudia erabiltzen dut nik».
Liburuko bi protagonistek ordezkatzen dute hitzaren eta irudiaren oinarria. Robinson Crusoe da nagusia, eta Ostiral esklaboa. Beraien bidez garatu du bere hausnarketa pertsonala Urmenetak: «Robinsonek du hitza, baina Ostiralek eskaintzen du irudia. Izan ere, edozein egoera irudi batekin hobeto kontatu edo salatu daiteke».
Umorea da eguneroko errealitateari aurre egiteko zutabe garrantzitsuenetakoa, Urmenetaren arabera. «Nik marrazterakoan egiten dut politika. Terapia modukoa da niretzat». Bizipenetatik asko du Eusklabo alaiak liburuak. «Euskaldunon eguneroko frustrazioak erakusten ditut».
Kontakizun askatzailea
Umorezko esketx laburrak ditu eleberri grafikoak. Hasi eta buka eboluzio bat nabari da bi pertsonaia protagonisten artean. «Robinson da kanpotik datorrena, eta bertakoa den Ostiral mendean hartzen du. Arau eta legeak Robinsonek jartzen dizkio. Instituzioak kendu eta erakundeak ematen dizkio Ostirali», azaldu zuen Urmenetak.
Bi pertsonaien kontakizunean askotariko gaiak lantzen ditu, bere erara, iruindarrak. Hala nola, autonomia estatutua, hizkuntza eta ikurrak. Horrekin batera badira istorioan txertatzen dituen historiako zenbait pasarte. «Menpekotasunetik askapenera doazen lau bide jaso ditut liburuan. Guztiak dira euskaldunok bizi dugunaren erakusgarri».
Euskal Herria «askatzeko» errezeta eta hausnarketa batzuk ditu liburuak. «Ez gara txikiak; txikitu gaituzte. Baina botere minimo bat dugu aske izateko», azaldu zuen Urmenetak. Hain zuzen ere, Ostiralek irla berean bizi diren beste esklabo batzuk ezagutu, eta bide propioa eginez Robinson kanporatzea lortuko dute. «Izan ere, nagusiaren tresnekin ezin dugu nagusiaren txabola desmuntatu».
Komiki liburuaren inguruko solasaldia hausnarketa politiko sakonean murgilduta bukatu zen. Iragarpen esanguratsu bat ere bota zuen Urmenetak: «Alexandre Deulofeu kataluniarrak La matematica de la historia liburuan iragarri zuenez, Espainiaren inperioa 2029an jausiko da. Ordurako prestatu behar dugu».
Datozen komiki saioak
Urmenetaren bisitaren ostean, euskarazko beste bi saio egingo dituzte uda bitarte, Intxaurrondoko kultur etxean. Hurrengoa martxoaren 13an izango da, eta Santa Familia komikia aztertuko dute. Eider Rodriguez eta Julen Ribas egileak izango dira gonbidatuak.
Denboraldiko azkena, berriz, maiatzaren 8an egingo dute. Nork komiki liburuaren inguruan ariko dira bi egileekin: Xabi Paya eta Patxi Gallego. Saioen gidaria Igor Leturia izango da, orain arte bezala, eta biak ala biak 19:00etan izango dira kultur etxean.
Gaztelaniazko saioak ere programatu dituzte. Otsaileko, apirileko eta ekaineko lehen asteartean izango dira Juan Manuel Diaz de Guereñuren gidaritzapean.


