Pentsioak %0,25 igo izana salatu dute hainbat herritarrek
Espainiako Gobernuak orain gutxi onartu duen pentsioen %0,25eko igoera salatu dute hainbat jubilatuk eta pentsiodunek gaur Alderdi Ederren. Antolatzaileek azaldu dute 300 lagun inguru bildu direla protestan.
“Murrizketarik ez” eta “%0,25arekin ez dugu jaten” moduko leloak oihukatu dituzte eta pentsionisten eta jubilatuen “baldintza txarrak” salatu dituzte. Bestalde, asanbladan erabaki dute hemendik aurrera hilabeteko hirugarren astelehenetan elkartuko direla udaletxe aurrean protesta egiteko. Donostiaz gain, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere protestak egin dituzte gaur.