Aldundiko bozeramaileak polemika sortu du Miramarren etorkizunaren harira
Miren Albistur zinegotzi popularrak Imanol Lasaren salaketa kritikatu du
Gipuzkoako Batzar Nagusiak, EAJren salbuespenarekin, Miramar jauregian hotel bat eta jatetxe bat jartzearen kontra agertu ziren astelehenean. EH Bilduren eskaerarekin bat egin zuten PSE-EEk, Ahal Duguk eta PPk.
Jeltzaleek ez babestearekin batera, alderdien jarrera salatu dute. Imanol Lasa Aldundiko bozeramaile eta jeltzale diputatuak “itxurakeria politikoa” eta “demagogia” egotzi zien atzo gainerako alderdiei. Gauza guztien gainetik Miramar jauregiaren bideragarritasuna dela helburua gaineratu zuen Lasak: “Bi modu daude bideragarritasuna lortzeko. Batetik, proposamen demagogiko eta itxurakeria politikoarekin, eta bestetik, txosten tekniko eta proposamen eraikitzaileei kasu eginez”.
Miren Albisturrek, PPko zinegotzi eta bozeramaileak, Lasaren salaketa kritikatu du ohar baten bidez. “Miramarren zehaztugabetasun egoeraren ardura partzuergoa osatzen duten hiru erakundeena da. Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Hiruak EAJren esku daude”.
Pasa den urtean Jaurlaritzak ez zuen aurreikusi bere aurrekontuetan ekarpen ekonomikorik egitea Miramar jauregiarentzat. “Alderdi popularrak jarritako 100.000 euroko emendakinari esker orekatu ahal izan da Miramarren aurrekontua. Diru horren zati batekin, 40.000 eurorekin, bi ikerketa eskatu dira jauregiaren bideragarritasuna neurtzeko”.
Azken bi urteetan udal gobernuak Miramarri begira egindako kudeaketa “oso txarra” dela azpimarratu du Albisturrek. “EAJk ez du orain arte Miramarren etorkizuna lehentasun bezala hartu, eta helburu bezala hartu beharko luke”.