Zazpi eta zortzi metroko olatuak sortu ditu itsasaldiak
Udaltzaingoak hamar isun jarri ditu zigilatutako eremuak ez errespetatzeagatik
Itsasaldiak olatu ikusgarriak ekarri ditu Donostiako kostaldera. Martin Ibabe Herri Segurtasun eta Babeseko zinegotziak adierazi duenez, zazpi eta zortzi metro bitarteko olatuak neurtu dituzte kostaldean.
Donostiako Udalak alerta laranja ezarri du itsasaldiaren eraginez, eta hainbat neurri ere hartu ditu. Hain zuzen, udaltzaingoak hamar laguni zigorra ezarri dio moztutako eta zigilatutako eremuak ez errespetatzeagatik. “Ulertzen dugu olatuak ikustea ikaragarria dela, baina baita arriskutsua ere. Esan genuen harturiko neurriak errespetatzen ez baziren isunak jarriko zirela. 200 euroko 10 isun jarri dituzte goizean. Zigilatutako eremuak errespetatzea eskatzen dugu”, azaldu du Ibabek.
Itsasgora arratsaldeko 17:10 inguruan hasi da, eta itsasoa nahiko zakarra da. Udaletik zentzuz jokatzeko deia egin dute.