Usakume errea, barazki eta potimarroi kremarekin
Zelai Txikiko usakume errea. (Argazkia: Iñaki Agirre) OSAGAIAK:
–Bresse-eko usakumea
–Gurina
–Cognac-a
–Potimarroia
–Ziape izozkia
–Barazkiak
–Piperbeltza
–Gatza
PRESTAKETA:
Usakumea hezurgabetuz hasiko dugu plater honen prestaketa. Gatza eta piperbeltza gehitu eta zartaginean frijituko ditugu usakume hankak eta bularra. Azalaren aldetik frijituko ditugu, sua asko berotuta, ondo markaturik gera daitezen. Buelta emango diogu gero bularrari, aldi honetatik gutxiago markatuz.
Guztia cognac pixka batekin flanbeatuko dugu ondoren. Alkohola lurruntzean, bularra eta hankak atera eta usakume fondoa botako dugu zartaginera. Murrizten utziko dugu denbora batez, saltsak loditasun pixka bat hartu dezan.
Hankatxoak zartaginera berriro botako ditugu orduan, egosten jarraitu daitezen. Prest egotean, bularra bi minutuz sartuko dugu labera, 200 gradutara, tenperatura berreskuratu dezan.
Behin platerean, potimarroi krema, ziape izozkia eta baporean egindako barazkiak gehituko dizkiogu. On egin!
Juan Carlos Caro, Zelai Txiki jatetxeko sukaldari eta jabea
«Produktua ona denean, ahalik eta gutxien ukitu behar dela uste dugu»
Duela hogei urte ireki zuten Juan Carlos Carok eta Eva Hernandezek Uliapeko Zelai Txiki jatetxea. Beste gauza batzuetaz arduratzeko albo batera utzi behar izan zuten, ordea, hamar urtez, 2015ean berriro ireki zuten arte. Bista ederreko jatetxe honen sukaldean sartu gara, Carok eta bere laguntzaileak, Ivan Balantak, prestatu digutena probatu eta Carori zenbait galdera egiteko.
Nola iritsi zineten hona?
Donostiako hainbat jatetxetan lan egin ondoren, ikasitakoa praktikan jarri nahi genuen nire emazteak eta biok, gure jatetxe propioarekin. Lagun batek Zelai Txiki izeneko erretegiaz hitz egin zigun orduan, Saltxipi jatetxean bazkaltzen geundelarik. Korrika irten eta sarrerako kabinatik deitu nien jabeei.
Hau jatetxe bat zen jada?
Hasiera batean merendero bat zegoen baserri honen parean. Gero egurrezko labe bat eraiki zuten, eta erretegi moduan asi zen funtzionatzen. Urte batzuk geroago, gu iritsi ginen.
Zer eskaintzen du Zelai Txikik?
Gure sukaldaritza denboraldikoa da. Topa ditzakegun lehengai hoberenekin. Uliapean dauzkagun hornitzaile txikiek denetarik ekartzen digute: tomateak, letxugak, ilarrak… Produktuari garrantzi osoa ematen diogu. Ona bada, ahalik eta gutxien ukitu behar dugula uste dugu, produktuak berak bere kabuz nahiko hitz egiten duelako.
Jendeak zer eskatzen du gehien?
Txerrikumea eta usakumea.
Zerk egiten du berezi jatetxea?
Bertako hurbiltasunak. Hemen etxean bezala sentiarazi nahi dugu jendea. Jantokian zein sukaldean.
Inguruko zein jatetxe gomendatzen duzue?
Getariko Txokoa eta Suharri jatetxea, Galarreta ondoan.



