Maila handiko atletak bilduko ditu Donostiako Nazioarteko Krosak
Donostiako 63. Nazioarteko Krosa jokoan egongo da datorren igandean. Probak 10:00etan hasiko dira, hipodromoan, eta 12:30ean iritsiko da lasterketa nagusia.
Mailan handiko partaideak espero dituzte lasterketa nagusian, tartean, Rioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen Ruth Jebet arituko da lehian, baita hiru munduko txapeldun eta Europako beste hiru. Jebetek Elgoibarren irabazi zuen, duela bi aste, eta 3.000 metro oztopoetan munduko errekorra du. Gizonezkoetan, Awake Ayalew izango da faboritoa; duela bi urte Elgoibarren bigarren postua lortu zuen, eta Italican irabazi zuen.
Emakumeetan, beste atleta hauek aipatu dituzte: Daisy Jepkemei, Norah Tanui, Cavaline Nahimana, Teresa Urbina eta Maria Jose Perez. Gizonezkoetan, hiru aldiz Europako txapeldun Polat Kemboi Arikan turkiarra irabaztera irtengo da, eta aipatzekoak dira, aldi berean, Yasin Haji, Ilias Fifa, Daniel Mateo, Carlos Mayo eta Fernando Carro, besteak beste.
Sarrerak
Robersen eta Gipuzkoako Atletismo Federazioan daude salgai larunbaterako sarrerak, sei euroan. Igandean bertan, leihatilan hamar euroan egongo dira salgai. Donostiako herritartasun txartela aurkeztuz, %50-ko deskontua egingo dute.