Bi norabideko fideltasuna
Musika denden negozioak gainbehera izan du azken hamarkada luzean. Bizirik iraun duen gutxienetakoa da Donosti Rock, eta etorkizuna begi onez ikusten dute.
Abuztuaren 31 kale hasieran dago Donosti Rock musika denda. Hogeita bi urte beteko ditu martxoa bukaeran, eta aurrera jarraitzeko gogotsu dago Alberto Azanza (Zarautz, 1968) dendaria. Rockaren eta heavy metalaren denda erreferentea da Gipuzkoan. Euskal Herriko txoko askotako zaleak ere etortzen dira erosketak egitera, eta azkenaldian baita Frantziatik ere.
Musika denda asko desagertu dira azken urteetan. Donostiari dagokionez, Frudisk eta Gong! dira horren eredu. Elkar eta Fnac dendek, berriz, eskaintza egokitu eta murriztu behar izan dute. Bitartean, zabalik jarraitu du Donosti Rock dendak.
Baina zein ote da sekretua? Bi arrazoi aipatu ditu Azanzak: «Batetik, rock eta heavy musika fidelagoa da beste estilo batzuekin alderatuta. Bestetik, dendaren kokapena. Parte Zaharrean egotea oso garrantzitsua izan da dendarentzat. Beste lekuren batean egon izan balitz aspaldi itxiko genuen».
Urte onak eta ez hain onak bizitzea tokatu zaio Azanzari. «Duela zazpi edo zortzi urte salmentek beherakada nabarmena izan zuten. Internetaren eraginez edo rocka modan ez zegoelako garai txarra izan zen, eta ixteko ideia izan genuen. Baina bizirik irautea lortu eta azken urteetan hobera egin dugu».
2017a salmenta aldetik azken hamar urteetako onena izan dela gaineratu du: «Gaur egun, dendatik bizitzeko moduan gaude». Krisialdia gaindituta, Azanzak irribarre batekin begiratzen dio etorkizunari.
Marka baten historia
Jose Perez oiartzuarrak Donosti Rock izeneko banaketa enpresa sortu zuen 94an. Aurretik, denda txiki bat izan zuen Parte Zaharrean 80ko hamarkada bukaeran. Dendari esker harreman ona egin zuen nazioarteko rock eta heavy metal diskoetxe garrantzitsuekin. Horrela, denda itxi eta diskoetxe horien penintsulako banatzaile ofiziala bihurtu zen.
Gerora, izen bereko diskoetxea sortu eta musika dendak irekitzeko erabakia hartu zuen Perezek. Orduan egin zuen topo Azanza familiarekin: «Iñaki?Azanza nire anaiak musika denda bat du Zarautzen, eta 30 urte daramatza irekita. Garai hartan harremanetan jarri zen Perezekin, banaketa kontuengatik, eta oso lagunak egin ziren. Madril, Bartzelona eta beste hainbat hiritako dendak irekitzen lagundu zion».
Euskal Herrian dendak irekitzeko ideia ere izan zuen Perezek. Bereziki, Donostian: «Nire anaiari proposamena egin zion, eta hasiera batean ezezkoa eman zion Zarautzen denda bazuelako. Gainera, familiak taberna bat zuen eta bertan ibiltzen ginen».
Perezek ez zuen amore eman, eta berriz ere proposamena luzatu zion: «Anaiak nirekin hitz egiteko esan zion, eta horrela hasi zen dena. Biok elkartu, Parte Zaharreko lokal bat aukeratu, eta 1996an Donosti Rock denda abian jarri genuen», azaldu du Azanzak.
Negozio eredua
Hogeita bi urtek askorako ematen dute, eta denak bezala, musika denda baten negozio ereduak aldaketa ugari izan ditu. Rock eta heavy metal musika oinarri dituen denda batek ere, baina berezitasun propioekin. «Kontzeptua aldatu da. Lehen disko gehiago saltzen ziren, eta orain kamiseta eta merchandising gehiago», dio Azanzak. Hain zuzen ere, kamiseten kasuan egoera zeharo irauli dela azpimarratu du. «Garai batean muturreko metal taldeen kamisetak ziren gehien saltzen zirenak: Cradle Of Filth, Emperor, … eta pentsaezina zen rock talde klasikoenak saltzea. Gaur egun, ordea, Led Zeppelin, Pink Floyd edo beste rock banda beteranoen kamiseta gehiago saltzen ditut».
Erosleak ere aldatu dira, adinari eta musika kontsumitzeko erari dagokionez. «Musika ez da lehen bezala saltzen, asko jaitsi da. Baina erosleen adin tartea askotarikoa da. Helduak dira akaso gehien erosten dutenak, baina gazteak ere etortzen dira. Hori pozgarria da», azaldu du Azanzak.
Turismoaren eraginez erosle kopuruak eta motak gora egin du, eta horrekin pozik dago dendaria. «Ostalaritzan ez ezik, Parte Zaharreko merkatari txikiek ere gorakada nabaritu dugu, eta ezin gara kexatu». Turismoaren ondorioa da ere, gero eta kanpotar gehiago sartzea dendara. «Frantziar asko etortzen dira dendara, eta nabari da rock kultura asko estimatzen dutela. Turisten kalitateak gora egin du».
Donosti Rock dendak irauteko modua aurkitu du, eta Azanza gustura dago bizi duen momentuarekin. «Azpiegitura ona dugu, harreman onak, eta urte askoren esperientzia. Fideltasuna eta zaletasuna sortzen duen lana da niretzat».