Bihar epaituko dute Udaltzaingoak atxilotutako tatuatzailea, hamaika salaketa bildu ostean
Sexu erasoak egotzita Udaltzaingoak atxilotutako tatuatzailearen kasuaren harira, Hiri Segurtasun eta Herri Babeseko Martin Ibabe zinegotziak zenbait informazio helarazi ditu. Adierazi duenez, hasiera batean jaso zituzten bederatzi salaketei beste bi gehitu zaizkie gaur. “Hiritarren kolaborazioa oso lagungarria eta eraginkorra izan da eta ahalik eta informazio gehien bildu nahian gabiltza txostena epaitegietara eramateko”, Ibaberen hitzetan. Zentzu horretan, datozen egunetan zehar salaketa gehiago jaso ditzaketela ere uste dute udaletik.
Atxilotua epailearen aurretik “seguruenik” bihar pasako dela jakinarazi du zinegotziak, jaso dituzten hamaika salaketen artean arau-hauste penalak eta sexu-erasoak daudelarik. Gehien bat emakumeenak diren salaketa horiez gain, preskribituta dauden beste ustezko delituen salaketak ere jaso dituztela adierazi du Ibabek: “Tatuaje dendaren irekiera baina lehenagoko erasoen berri izan dugu”.
Erlazionatutako edukiaTatuatzaile bat atxilotu dute hainbat sexu eraso egitea egotzita