Kaldereroak eta inude eta artzainak Antiguara iritsiko dira
Hiriko beste auzoekiko astebeteko atzerapenarekin iritsiko dira gaur kaldereroak Antiguara. Momo jainkosa jada bertan izango den arren, Santo Tomas Lizeoko hungariarrak ikastolatik Benta Berrirako bidea egingo dute 15:00etan, EHUko kanpusean etena eginez.
Gaualdera, berriz, Antiguako Pilotazaleok elkarteko kaldereroak izango dira auzoa zartaginen hotsaz girotzeaz arduratuko direnak. Benta Berriko kiroldegitik hasita, 20:30ean, Matia kalea gurutzatuko dute, Erregezaintza kaletik pasa eta Errotatxo plazan amaitu baino lehen.
Larunbatean, Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeko inude eta artzainen ardura izango da festa girotzea.
Auzoko merkatu zaharretik abiatuko dira dantzariak 14:30ean. Benta Berri plazara joateko Matia kalea zeharkatuko dute, gero berriro Gaskonia plazara bueltatu eta, azkenik, Antiguako frontoian festari amaiera emateko.


