Poltsiko Antzerkiaren jaialdiak hiru asteko programazioa izango du
Hilaren 15etik martxoaren 4ra bitartean izango da XXVII. Poltsiko Antzerkiaren jaialdia. Formatu txiki eta ertaineko antzezlan zein ikuskizunek osatzen dute egitaraua. Bi hizkuntza ofizialen oreka eta emakumeen presentzia bermatuko ditu. Helburua, berriz, hiriaren antzerki programazioa herritar gazte zein helduei hurbiltzea.
Guztira 12 konpainiak hartuko dute parte, hiriko 27 espaziotan banatuta: horietatik 3 emakumezkoenak dira, 4 mistoak eta 5 gizonezkoenak. Hizkuntzari dagokionez, 5 obra euskaraz izango dira eta 7 gaztelaniaz. Ikuskizunei dagokienez, 32 dira guztira –14 euskaraz eta 18 gaztelaniaz–, eta generoari begiratuta, 9 ikuskizun emakumezkoenak dira, 9 mistoak eta 14 gizonezkoenak.
Virginia Imaz 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria parte hartzaileen artean dago. Sex o no sex ikuskizuna bi aldiz eskainiko du. Hilaren 15ean Groseko Picachilla tabernan (20:45), eta 16an Botanikan (19:00). Bestalde, nabarmentzekoa da euskarazko 8. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren irabazle eta finalista izan diren taldeek ere parte hartuko dutela jaialdian.
Donostia Kulturak azken eguneko festa azpimarratu du. Martxoaren 4an izango da Egiako El Anden antzokian, eta bertan izango dira Yogurinha Borova transformista, Iñigo Salinero Txaflas eta Humberto Gutierrez umoregileak, Amagoia Lauzurika –Eta kitto lanarekin–, Amaia Irazabal –Inor ez dator antzezlanarekin– eta Telmo Trenor DJ.


