Oiartzun pastela
David Martin, Oiartzun pasteldegiko gozogilea
“Betiko postreez gain gauza berriak egiten saiatzen gara”
Jaio zenetik pastelen artean hazi dela esaten du David Martin (Donostia, 1979) gozogileak. Bere aitak 1972an ireki zuen Oiartzun gozotegia, Andaluziako nekazaritza mundutik ihes egin eta Moron de la Fronteratik Donostiara etorri zenean. Ijentea kalean duten saltokirako gozoak prestatzen ibiltzen da Martin, goizero, Egiako euren gozogintza lantegian.
Nolakoa da gozogilearen egunerokotasuna? Asko aldatu da denborarekin. Lehen gaueko hamarretan hasten ziren lanean. Orain goizeko laurak eta seiak artean hasten gara, ekoizpenaren arabera. Errege edo San Sebastian egunetan, ordea, gauerditik ibili ohi gara hemen, gau osoan zehar.
Zein produktu lantzen dituzue? Gozogintzari dagozkion guztiak.
Eta zer saltzen da gehien? Txokolatea duen guztia. Gero eta gehiago gainera. Gipuzkoan tradizional samarrak gara postreekin, ezin ditugu oso zapore bereziak erabili jendea ez baita asko animatzen. Gauza arraroa da hori, sukaldaritzan jendea denetarik probatzera animatzen delako. Gozogileok, ordea, ez dugu bide berriak irekitzea lortu. Pena bat da niretzat, lurraldean gastronomiak duen garrantzia ikusita. Betiko postreez gain, gu gauza berriak egiten saiatzen gara hala ere.
Zein da gozogile onaren sekretua? Lehengai onak izatea eta hauek ongi lantzen jakitea. Eskarmentu handia behar da horretarako, jakina.
Donostiako zein leku gomendatuko zenituzke? Groseko Galerna jatetxea eta, gozogileentzat, ireki berri duten Le Paries gozotegi frantsesa.



