
Igeldoko emakume talde bat biltzen aritu da azken egunetan, Martxoaren 8ko greba feministaren harira eta herriko gizonei ere deia luzatu diete,
Igeldo Herria webguneak jakitera eman duenez: “Martxoaren 8an arlo ezberdinetan grebara deituta daude emakumeak eta zuek ere emakumeon aldarrikapenak eta greba babestu nahi izanez gero, egiteko garrantzitsua duzue egun horretan. Emakumeok greba egin dezagun erraztea, adibidez”.
Igeldon 11:00etatik 15:00etara elkartuko dira emakumeak eta denbora horretan ekintza ezberdinak egingo dituzte. Eskolako zenbait irakasle ere batuko dira grebara eta jangela zerbitzurik ez da egongo eskolan. Hori dela eta, deialdi zehatza luzatu diete gizonei: “13:00etatik 15:00etara herriko umeen kargu egitea. 11:00etatik 13:00etara eskolak bermatuko du umeen zaintza, baina jangela zerbitzurik egongo ez denez, zuen laguntza eskatzen dugu emakumeok greba egin ahal izateko”.
Bestalde, larunbatean emakumeen afaria egingo dute. Iturrieta Berri jatetxean izango da. 20:30tan jarri dute elkartzeko ordua, tabernan bertan eta 21:00tan izango da afaria.