
(Argazkia: Inaxio Esnaola)
OSAGAIAK
– Txipiroiak
– Urdaiazpiko iberikoa
– Kardu-zizak
– Piper berdea
– Baratxuria
– Oliba olioa
– Perrexil olioa
– Modenako ozpina
– Maldon gatza
PRESTAKETA
Txipiroiaren gorputza plantxan, eta hankak, berriz, zartaginean egin behar dira. Lehenik, hankak oliba oliotan salteatu, baratxuri, piper berde eta kardu-zizekin. arekin. Bestalde, txipiroiaren gorputzak plantxan egin behar dira. Alde batera eta bestera jarri, kolorea hartzen duten arte.
Urdaiazpikoa platerean jarri behar da, eta bere gainean zartaginean salteaturikoa, eta plantxan egindako txipiroi gorputzak. Bukatzeko, maldon gatza bota eta azken ukitua eman perrexil olioarekin eta Modenako ozpinarekin.
Aitzol Irazusta eta Iñigo Orue Trikuharri tabernako jabeak
«Ogitarteko landuagoak eskaintzen hasi gara»
Antiguako Matia kalean dago Trikuharri taberna eta jatetxea. 2012ko abenduaren 12an ireki zuten Aitor Irazusta eta Iñigo Orue bizilagunek. Bost urtean eskaintza nabarmen osatu dute, eta gauza berriak landu eta aurkeztu dituzte. Trikuharriko txipiroiak oso estimatuak dira bezeroen artean. Ordea, harrera ona duten beste hainbat eskaintza ere badituztela azpimarratu dute.
Bost urte beteta, zer da egun eskaintzen duzuena?
Betidanik kontzeptu batzuk oso argi izan ditugu. Auzokoak gara eta auzoan inplikatuta gaude. Euskaltzaleak gara eta taberna euskalduna izatea nahi dugu. Horrekin batera, merke, ondo eta edozeinek jateko lekua da Trikuharri. Bezeroari arreta atsegina eskaintzen diogu, eta irekita dago jende guztiarentzako.
Zeintzuk dira zuen berezitasunak?
Sinpletik abiatu ginen eta eskaintza aberatsagoa dugu egun. Saiatu gara karta ez gehiegi betetzen. Pintxoak, ogitartekoak, errazioak eta plater konbinatuak ematen hasi ginen. Gauza batzuk kendu eta beste batzuk gehitu ditugu. Esaterako, plater bereziak ditugu; zehatzagoak eta landuagoak. Adibidez, legatz freskoa plantxan egiten dugu. Bretxako Oianeder arrandegikoa da. Garestiagoa da, baina kalitate handikoa.
Ogitartekoekin aldaketa bat izan duzue, ezta?
Orain arteko metodoa aldatu dugu. Lehen osagaiak aukeratu zitezkeen, baina orain ogitarteko landuagoak eskaintzen hasi gara. Lasarteko Oreka tabernaren eraginez eman dugu pausoa.
Zein ogitarteko gomendatuko zenukete?
Ogi biribilean jartzen dugun txahal haragiarena. Wokean egiten dugu ekialdeko sukaldaritzaren ukitua emanez. Bestalde, ditugun hanburgesak aipatzekoak dira. Sinpleak dira, baina berezitasun batekin. Txahalarena Mikel harategikoa da, eta oilaskoarena Pikabeakoa. Apustu berezia egin dugu horretan eta kartan ere jarri dugu. Barazkiak ere auzoan erosten ditugu. Tokikoa babestu eta indartu behar da.
Asteburuetan menua ere eskaintzen duzue. Zer dela eta?
Eguerdietan hiruna lehen eta bigarren plater ditugu, postrea eta edaria barne. Oso harro gaude eskaintzarekin. Asteburu bakoitzean desberdina da, eta sukaldari bakoitzak askatasuna du menua proposatzeko. Harrera ona izan du.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenituzkete?
Uliaren magalean dagoen Zelai Txiki jatetxea gustuko dugu. Maila oneko sukaldaritza dute eta oso jatorrak dira. Parte Zaharreko Ordizia tabernaren betiko esentzia ere azpimarratu nahi dugu. Azkenik, Antiguako Xabi Agirreren Oreka taberna gomendatu nahi dugu, berriz ere.