Abenduan egindako janari bilketa. (Argazkia: @salatutaldea)
Salatu taldeak eta Parte Zaharreko gazte asanbladak Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zaporeak elkarteekin batera errefuxiatuen aldeko hilabetea antolatu zuten abenduan, hainbat hitzaldi eta ekitaldi desberdinekin. Besteak beste, errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko elikagaiak jasotzen ibili ziren Bretxa parean, bi eguneko janari bilketan. Gaur, ekimen horretan parte hartu zuen auzoko gazte batek Donostiako Udaltzainen 200 euroko isuna jaso du bilketa baimenik gabe antolatzea egotzita.
Udalari baimena eskatu ziotela diote gazte asanbladatik, eta ekitaldia burutzen ari zirela bertara gerturatu zitzaien polizia jakinaren gainean jarri zutela adierazi diote IRUTXULOKO HITZAri. Taldeko kideek auzoko ekintzak eta elkartasun ekimenak oztopatzea aurpegiratzen diote Udalari.