Izarrekin Sara Etxera plataformak azken agerraldia egin du Itxaurrondon
Izarrekin Sara Etxera plataformak azken agerraldia egin zuen igandean, Intxaurrondon. Motxiladun ume bat gutxiago dagoela ospatu eta oraindik 104 motxiladun umeren eskubideak urratzen direla salatu zuten. Ekitaldian parte hartu zuten Sara Majarenasek eta haren alabak, senide eta lagunez inguratuta.
Apirilaren 9an geratu zen aske Majarenas zigorra osorik bete ostean. Hori dela eta, Izarrekin Sara Etxera plataformak bere aktibitatea eten egingo du eta sustatzaileak gelditzen diren ehundik gora motxiladun ume eta nerabeei babesa eskaintzera bideratuko dituzte indarrak.
Gonbidatuz betetako ekitaldia izan zen igandekoa. Majarenaseke ere hartu zuen hitza ekitaldian: “Txalo hauek zuentzat dira emandako babesa eta maitasunarengatik. Urte latz honek alde positibo bat badauka, hau izan da; herri honek duen antolatzeko eta bat batean erantzuteko gaitasuna. Lortutakoa, eskatzen genuen guztia ez bada ere, zuei esker izan da”. Espetxean utzitako kideak gogoan izan ditu, baita horien senideak eta bidaiatzea tokatzen zaien haur guztiak ere.


