Haserre daude donostiarrak sanferminetako erasoaren epaiarekin
“Bortxaketa izan da, ez abusua”, “Hau ez da gure justizia”, “Nik sinisten dizut” eta antzeko oihuak ozen entzun dira Egiako epaitegiaren aurrean. Jendetza bildu da, haserre, bilgume feministak egindako deiari erantzunez, sanferminetako erasoaren epaiaren aurka borrokatzera.
Ez da giro jendartean; izan ere, 9 urteko espetxe zigorra ezarri diote La manada gisa ezagun egin den lagun taldeari, ez baitiete bortxaketa zigorra jarri, abusuarena baizik.
Protesta jendetsuak egin zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan, epaiaren aurkako jarrera adieraziz, ostegun arratsaldean, auzitegietako atarietan. Bihar, larunbata 28, manifestaziorako deia egin dute, Iruñean, 12:30ean, Ez dago gure hitza epaituko duenik lelopean. Datozen egunetan ere protestekin jarraituko dutela esan dute.