Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Antxon Alfaro aurkeztuko du Altzako Historia Mintegiak barrutiko ordezkari gisa

Altzako barrutia-2005

2005ean egindako aurkezpenaren argazkia. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia)

Lehen hauteskundeak egingo dituzte Ekialdeko Barrutiaren Batzarra osatzeko, larunbatean. “Altzako udalerria neurri batean bere baitan hartzen du”, diote Altzako Historia Mintegiko kideek, eta batzarrean parte hartzeko hautagaitza aurkeztuko dute, Antxon Alfaro Sagasti hautagaiarekin (lehen ordezkoa Maribel Manzano Herce izango da, eta bigarrena, Iñigo Landa Ijurko). Barrutiaren batzarra hamabost ordezkarik osatuko dute; horietako zazpi udal talde politikoenak izango dira, eta gainontzeko zortziak elkarteen ordezkariak, bi multzotan banaturik (lau, auzo elkarteenak; eta beste lau, arloko entitateenak: emakume, kultura, kirola…). Historia mintegia azken multzo horretan sartuko litzateke. Donostiako udalbatzak 2011n erabaki zuen Altzan barruti bat sortzearen inguruan batzorde bat eratzea. Bere aldetik, Altzako  Historia Mintegiak urte asko daramatza lanean barrutiaren kontuarekin, beste elkarte batzuekin batera. Horrela, 2014an adierazpen publiko bat aurkeztu zuen mintegiak, eta babesa jaso zuen barrutiaren auzo guztietako 19 elkarteren aldetik: “Adierazpen horrek indarrean jarraitzen du, eta AHMk Barrutiaren Batzarrera eramango duen iritziaren oinarria izango da”. Elkarteei deia egin die mintegiak hauteskundeetara aurkeztuko diren elkarteen hautagaitzei botoa emateko, baita haien lana kontrolatuko duen elkarteen batzarrean parte har hartzeko.

2005etik

2014ko adierazpena emaitza izan zen 2005ean elkarte talde batek hiriko ekialdean barruti bat eratzeko egindako aldarrikapenarena. “Orduko udalak bidea itxi zion proposamenari. Gaur egun, garai horretan bezala, hau baieztatzen dugu: Ekialdeko auzoek historia bera partekatzeaz gain, hiri barruan berezko nortasuna duen gizarte-eremu bat osatzen dute, elkarbizitzan eta asoziazionismoan eredugarri”.
HITZAkide HITZAkide