Santi Antero eta Kote Camacho, komunikabideentzat adierazpenak egiten. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Elkarretaratze isila egin dute udaletxearen aurrean,
Kote Cabezudoren biktimontzat justizia lelopean. Diotenez, Cabezudok 20 urtez egindako erasoak salatu eta bere biktimei babesa adierazteko bildu dira. Aldi berean, hirian adin txikikoei egindako abusu kasu gehiago badaudela esan dute bildutakoek, eta isiltasunarekin hautsi behar dela aldarrikatu dute, halakoak berriro gerta ez daitezen: “Ikusten dugu gero eta gehiago direla batzen direnak”, adierazi du Kote Camachok. Santi Anterok komunikabideen aurrean hitz egin du guztiz hunkiturik, malko artean, eta esan du haurra zela ukituak egin zizkiola Donostiako alkate izandako Jesus Mari Alkainen anaiak: “Gai hau oso gertutik bizi dut. Ni Antiguakoa naiz, Txan Magoa naiz, eta txikia nintzela abusuak sufritu nituen. Tenisera joaten nintzen nire kainaberarekin arrantzatzera, eta bi aldiz etorri zen tipo bat nire atzetik eta ukipenak egin zizkidan. Arrantzatzeari utzi nion”.
Anterok esan du urte askoan eraman duela barruan zama hori, eta halakoak azaleratu beharra dagoela: “Urte askotan abusatu dute boterea dutenek jende askotaz, eta komunikabide handiek gorde egin dute informazioa. Abusuak salatu egin behar dira, erortzen dena erortzen dela”. Kote Camachok gehitu du baduela beste kasu baten berri: “Pankartaren atzean jartzen garenean kaka asko ateratzen da”.
Maiatza hasieran ontzat eman zuten Kote Cabezudo espetxean sartzeko eskakizuna, delitu errepikapenagatik eta kalte egiteagatik biktimen ondare juridikoei. Lehendik bederatzi aldiz egina zuten eskari bera, baina ukatu egin zuen beti epaileak. Edonola, gaurko elkarretaratzean salatu dute Kote Cabezudoren kasuko material pornografikoa ez dutela Internetetik guztiz ezabatu, baina Twitter-eko kontuak berehala ezabatzen dituztela, epaileak edo politikariak salatzen dituztenean. Udalari eskatu diote neurriak har ditzala gertaeren aurrean.