Agus Rodriguez: "Parte Zaharretik alde egitera behartu gaituzte"
Agus Rodriguez, Rekalde
Turismoaren gorakadak zuzenean edo zeharka eduki du eraginik Rekalde tabernan?
Bai. Parte Zaharretik alde egitera behartu gaituzte. Daukadan informazio bakarra da datorren otsailaren 28rako utzi beharko dudala lokala. Jabeek saltzeko erabakia hartu dutela esan didate. Zurrumurru bat dago hotelak egin nahi dituztela dioena, baina nik ez daukat horren inguruko informaziorik. Esaterako, Aldamar kaleko 32. zenbakiko eraikinaren inguruan informazio gehiago dago. Hura ere saldu egin dute eta egin dituzten planoen arabera etxebizitzak bikoiztu egingo dituzte. Jakin dugunez, sei pisu egin nahi dituzte eta bakoitzean lau etxebizitza egin. Rekalde taberna dagoen blokea erosle berberek erosi dute, baina ez dakigu zein asmo duten.
Eta hori turismoaren gorakadaren eragina izan daitekeela uste duzu?
Bai. Parte Zaharrean gertatzen ari den eraldaketaren barruan kokatzen dut.Uste dut Rekalderen moduko espazioak beharrekoak direla. Parte Zaharreko taberna guztiak negozio huts gisa nahi dituzte eta Rekalde negozio bat bada ere, ez da hori bakarrik, elkargune bat ere bada. Huskeria bat ematen du baina nik uste dut auzoan nabarituko dela Rekalderen falta.
Nola esango duzu agur?
Taldetxo bat ari gara dokumental bat prestatzen elkarrizketa ugarirekin. Nire elkarrizketa eta nire anai-arrebena grabatu dugu eta azken hau oso hunkigarria izan da. Familiarentzat Rekalde zer izan den kontatu dute. Gero aurretik zegoen Rekalde tabernaren historia ere jaso nahi dut, eta baita taberna ireki nuen garaian ondoan izan nituenen testigantzak ere.