Bera Berako lagunak, garaipena ospatzen, ostiral gaueko partidaren ostean. (Argazkia: @balonmaberabera)
Ez da lan erraza izan, baina bosgarren liga titulua lortu du Bera Berak. Azken partidan lortu du garaipena, Zuazoren aurka 24-8 irabazita, ostiral gauean.
Hasieratik aurretik izan zen markagailuan Donostiako taldea, baina azkeneko minutuetan bi goleko tartera gerturatu ziren Barakaldokoak. Edonola, burua hotz mantendu zuten donostiarrek, eta denboraldi gogor eta lehiatuari bukaera ezinhobea ematea lortu dute.
Liga guztian hiru partida bakarrik galdu ditu Montse Pucheren taldeak, baina horren ondorioz, aurretik izan ditu Guardes eta Ro’Casa denboraldian barrena. Azken jardunaldietan lidertzan izan da Bera Bera, baina Guardes puntuetara berdinduta eduki du, eta halaxe bukatu dute, 46 punturekin. Kontua da Bera Berak bi partidak irabazi zizkiela galiziarrei, eta liga eskuratu du bi garaipen horiei esker.
Larunbat eguerdian jasoko dute Ligako kopa, Donostian. Garaikurra jasotzearekin batera, agurtu egingo dira Puche entrenatzailea eta jokalari batzuk: Oihane Gil, Patricia Elorza eta Estibalitz Velasco.