11.000 lagun baino gehiago bildu dira hiriko kaleetan barrena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Pentsio duinen aldeko konpromisoa eskatu diote Espainiako Gobernuari milaka eta milaka lagunek, Donostiako kaleetan barrena egindako manifestazioan. Cervantes plazatik Alderdi Ederrerako bidea egin dute 11.000 manifestari baino gehiagok, euri zaparrada eta eguzki izpi indartsuen azpian, aterkiak eskuan hartuta. Hain zuzen, eguraldia nahasia izan da arratsaldean, baina horrek ez ditu herritarrak isilarazi, eta ozen oihukatu dituzte euren eskaerak. Pentsiodunekin batera gazteak ere elkartu dira manifestaziora, eta elkarte askok egin dute bat aldarriarekin.
Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak manifestua prestatu du eta lau lagunen artean irakurri du bukaeran: “Adinekoentzat bizimodu duin bat ziurtu behar du pentsioen sistema publikoak, baina, era berean, berme bat izan behar du belaunaldi gazteentzat; jakin behar dute etorkizunean, zahartzen direnean, jasoko dituzten pentsioak izango direla gaur egun finantzatzera laguntzen ari diren pentsioen parekoak”.
Salatu dute pentsioak hauteskunde tresnatzat erabiltzea, baita Konstituzioaren 50. artikulua ez betetzea ere: “Botere publikoek, pentsio egoki eta aldiro eguneratuen bitartez, bermatu behar diete herritarrei zahartzaroan burujabetasun ekonomikoa izango dutela”. Besteak beste, eskatu dute Euskadin 1.080 eurokoa izatea gutxieneko pentsioa, eta pentsio pobrea sortzen duen enplegu prekariorik ez egotea.
Epe ertain eta luzerako ikuspegi bat lantzea eskatu dute, eta neurri egonkorrak ematea, urtez urteko aurrekontuen negoziaketaren gorabeherei lotu gabe: “PPren eta EAJren arteko akordioak ez du ziurtatzen pentsioek berreskuratuko dutenik 2011az geroztik galdutako eros-ahalmena. Gezurretan ari dira esaten digutenean ez dagoela dirurik erronka demografikoei eta bizi-itxaropen luzeagoari aurre egiteko. Krisia hasi aurretik baino aberastasun handiagoa daukagu gaur egun, baina okerrago banatuta”. Borondate politikoaren eskastasuna salatu dute eta pentsio duinen alde borrokan jarraituko dutela esan dute: “Erronka handi bat dugu gure aurrean: pentsioen sistema publikoa bermatu eta hobetzea, ezinbesteko tresna baita gizarte kohesioa finkatzeko eta indartzeko”.