Blas de Otero plazako kantxa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Udalak Egiako Blas de Otero plazako haurrentzako kirol kantxak bere lekuan mantenduko dituela aurreratu du Egia Bizirik auzo elkarteak. Izan ere, aste honetan Eneko Goia alkatearekin eduki duten bileran, Udal Gobernuak jarrera aldatu eta prestutasuna agertu duela nabarmendu dute auzo elkarteko kideek. Bilera horren aurretik, auzoko guraso talde batek kirol kantxa bere lekuan mantentzearen aldeko 1.125 sinadura bildu zituen auzoko bizilagunen artean.
Bileran, auzo elkarteko kideek kantxa kentzea justifika dezakeen inongo arazo larririk ez dagoela helarazi zioten alkateari. Izan ere, beraien ustez plaza horretan dauden arazoak haurrek kantxaz egiten duten erabilerarekin ez dute zerikusirik.
Egia Biziriken arabera, kantxa oraingo lekuan mantenduta balizko arazoei irtenbidea emateko alternatiba guztiak aztertuko dituztela helarazi zien Goiak auzotarrei. Denen artean «bizilagun guztien eskubideak bermatuko dituen konponbide bat» lortuko dutela ziur agertu dira auzo elkarteko kideak.
Udalak, bere aldetik, bilera «emankor» eta «positibotzat» jo du. Adierazi du alkateak kexu diren bizilagunen arrazoiak eta kirol gune hori eskatzen duten bizilagunen eskariak nola uztartu aztertzeko eta irtenbide bat bilatzen saiatzeko konpromisoa hartu duela.