Fidel Vicente soinu teknikariaren omenez kontzertua egingo dute bihar
2017ko urriaren 3an zendu zen Fidel Vicente Cintero, 54 urte zituela. Soinu teknikari lanetan ibili zen gehien bat, baina haren lagunek “hori baino gehiago” zela baieztatu dute kontzertuaren aurkezpen testuan, eta horregatik antolatu dutela omenaldi kontzertua. Altzakoak, musika eta kultur-emanaldien inguruan egin zuen lan, soinu teknikari gisa, zein argiztapeneko lanak egiten. Bideo bat ere egin dute Vicente gogoratu eta kontzertua aurkezteko.
Fidel Forever kontzertua Intxaurrondoko Kutur Etxean izango da, bihar, ekainaren 12an. 20:00 irekiko dituzte aretoko ateak eta txartelak Donostia Kulturaren webgunean eros daitezke 10 eurotan. Ekitaldiak irauten duen bitartean taberna zabalik izango da. Fidelen lagunak izenarekin bataiatu duten taldea izan da kontzertuaren antolatzaile nagusia, Eragin STAC, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom`s-en kolaborazioarekin. Agertokiaren atzean lanean ibiltzen diren soinu, argi eta ikus-entzunezko teknikarien lana aitortzeko aprobetxatuko dute kontzertua.
Honako da kontzertuaren egitaraua:
20:00 Fidel Vicente gogoratzeko ekitaldia.
21:00 Rock kontzertua. Joseba Irazoki Banda (Joseba Irazoki, ahotsa eta gitarrak; Ibai Gogortza, gitarra; Jaime Nieto, baxua; Felix Buff, bateria).
Kontzertuaren ondoren, DJ saioa: Fidelen gustuko kantuak entzuteko aukera izango da.