Erailketa sexisten aurkako protokoloa indartzeko eztabaida-bilera egingo dute Donostian
Emakumeen Euskal Herriko Mundu Martxak erailketa sexisten aurkako protokoloa indartzeko eztabaida prozesua jarri du martxan, kolektibo anitzengana heltzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat euskarri sortzen ari dira, eta hainbat herri eta hiritan eztabaida-bilera irekiak egiten ari dira, gorputzen eta lurraldeen burujabetzaren inguruko formazioekin batera.
Donostian, datorren asteko asteartean izango da, ekainaren 19an, Emakumeon Mundu Martxako Eraso Sexisten Kontrako Protokoloa Indartzen eztabaida-bilera. Emakumeen Etxean (Okendo kalea, 9) izango da, arratsaldeko 18:30ean, eta ordu eta erdiko saioa izango dela iragarri dute antolatzaileek. Materiala euskaraz, gaztelaniaz, zeinu hizkuntzan eta “irakurketa erraza” formatuan prestatu dute, eta ekainaren 14a baino lehen asistentzia konfirmatzeko eskatu dute, donostikoordifeminista@gmail.com posta elektronikoan.
2013an sortu zen protokoloa, emakume* bat indarkeria matxistaz erailtzen duten bakoitzean, Euskal Herriko herri eta hirietan erantzun bateratu bat emateko helburuarekin. Prentsa idatzian erailketaren albistea atera eta 24 ordutara herri eta hiri bakoitzean elkarretaratzea egiteko deialdia egiten da Emakumeen Mundu Martxatik eta protokoloaren koordinazioan parte hartzen duten tokian tokiko eragile feministen partetik. Donostian, Bulebarrean izaten ohi da elkarretaratzea. Protokoloaren aplikazioa modu koordinatuan egiteak erantzun gogor eta tinkoa emateko aukera ematen duela baieztatu dute Emakumeen Mundu Martxakoek. Era berean, erantzun sozialik gabeko erailketarik ez egotea bermatzen du protokoloak.