IDK Gipuzkoak Europan jokatzeari uko egin dio bere egonkortasuna bermatzeko
IDK Gipuzkoak Eurocup txapelketarako sailkatzea lortu zuen ligako play-offetako finalerdira iritsi zenean, baina talde donostiarrak lehiaketa kontinentalean parte hartuko ez duela jakinarazi du orain. Europan behar bezala lehiatu ahal izateko 80.000 euroko aurrekontu osagarri minimoa lortzeko baldintza ipini zion klubeko zuzendaritzak bere buruari, diru kopuru horren erdia babes pribatu egonkorretatik etorri beharko zelarik. Bi baldintza horiek taldearen egonkortasuna epe luzera bermatzeko asmoz ezarri zituzten, baina horiek hurrengo denboraldirako betetzeko aukerarik izango ez dutela konfirmatuta, nazioarteko lehiaketan parte hartzeari uko egin dio IDK Gipuzkoak.
Orain arte jasotako babesa eskertzeaz gain, talde donostiarrak klubaren egitura indartzen eta babesle berriak erakartzen jarraituko duela adierazi du. Klubaren hazkundea bermatzeko helburuarekin, datozen asteetan zale berriak lortzeko kanpaina abiatuko dutela jakinarazi dute ere taldearen zuzendaritzatik.


