Alokairuan dauden etxebizitzen informazioa eskatzea adostu dute
Eusko Jaurlaritzari zuzendu diote eskaera Irabazi,?EH Bildu eta PPren ekimenez. Etxebizitza turistikoen ordenantzaren aurrean udalak dituen eskumenak babestea onartu dute
Etxebizitza da donostiarren kezka nagusienetakoa, hiriaren pertzepzioari buruzko inkestaren arabera. Ekaineko udalbatzarrean kezka horri eragiten dioten hainbat adierazleri buruz aritu dira udal taldeak. Etxebizitzen eraberritzea, pisu turistikoen ordenantza, eta alokairuan dauden etxeen informazioa izan dituzte hizpide. Hiruetan lortu dute adostasuna, ñabardurekin.
Eraso sexisten kontrako minutu bateko isilunea egin dute, gai ordena abiatu aurretik. Mozio arrunten zerrendan heldu diote etxebizitzaren gaiari. Alokairuan dauden etxebizitzen informazio faltari irtenbide bat emateko eskaera aurkeztu dute Irabazi Donostiak, PPk eta EH Bilduren taldeek. «Iazko otsailean eskatu genuen ikerketa bat egiteko alokairuaren eta etxe hutsen inguruan. Mozioa onartu zen, baina ikerketarik egin gabe eta daturik ezagutu gabe jarraitzen dugu», esan du Loic Alejandro Irabaziko bozeramaileak.
Eusko Jaurlaritzako?Etxebizitza sailari Donostiako alokairuaren datuak helarazteko eskatu dute hiru alderdiek, eta udal gobernuak ere bat egin du horrekin. «Ez dugu ulertzen udal gobernua gai ez izatea datu hauek lortzeko. Bost urte pasa dira fidantzen informazioa jaurlaritzak kudeatzen duela», adierazi du Miren?Albistur PPko zinegotziak.
Orain arte daturik ez emateko arrazoia «juridikoa» dela esan du jaurlaritzak, «alokairuan dauden pertsonen datuak babesteko». Hori aitzakia bat dela esan dute oposizioko hiru alderdiek. «Erakundeen arteko harremanak kasu batzuetarako soilik balio dutela ematen du. Gure ustez datuak txarrak dira, eta horregatik ez dituzte konpartitzen», esan du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Datuak eskuratzearen alde agertu da Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia. «Sinetsi nahi dut datuak eman ez badizkigute zerbaitengatik izango dela. Baina ez dizkigute ez guri eta ez beste herri zein hiriei eman». Horrela ere, jaurlaritzari eskaera berri bat egitearen alde agertu da udal gobernua.
Eskumena
Merkatuen eta lehiaren Batzordeak errekerimendu bat aurkeztu zion Donostiako etxebizitza turistikoen ordenantzari. «Martxoaren 26an onartu genuen pisu turistikoen ordenantza, eta maiatzaren 24an jaso genuen errekerimendua. Mugatzailea zela esan ziguten, eta birpentsatzeko. Gure ustez, ordea, justifikatua dago ordenantza eta bere horretan utziko dugula erantzun nahi diegu», esan du Ramosek. Udal gobernuak erantzun adostu baten proposamena aurkeztu die udal talde guztiei.
Erantzuna adosterakoan udalak gaiaren inguruan duen eskumena babestearen alde agertu dira udal talde gehienak. Horregatik babestu dute udal gobernuaren proposamena. Nolanahi ere, ordenantza berarekin duten desadostasuna azpimarratu dute oposizioko hiru alderdiek. «Kontra bozkatu dugu erantzuna udal gobernuarena soilik delako. Ordenantza jeltzale eta sozialistek soilik babestu zuten, ez beste inork», adierazi du Albisturrek.
Irisgarritasuna helburu
Eraberritze eta birgaitze ordenantzaren aldaketa babesteko, duela hilabete pasa onarturiko Etxebizitza Plana gogora ekarri du Ramosek. «Irisgarritasunari garrantzia emateko egokitu dugu ordenantza». Printzipio horrekin bat egin dute oposizioko hiru udal taldeek. Ordea, ohartarazi dute etxeak birgaitzeko laguntza gutxitzen duela aldaketak.
«Eraberritzeak hobetu egiten du eraginkortasun energetikoa, eta hori arriskuan jarri duzue», azaldu du Alejandrok. Bestalde, Burutaran kritikoa agertu da EH Bilduren zuzenketa ez onartzeagatik. «Lan baldintza duinak errespetatzeko eskatzen dugu birgaitze lanetan, eta horretarako Gipuzkoako Eraikuntzaren Hitzarmena betearazteko eskatzen ari gara». Aldaketa behin betiko onartu dute, zuzenketarik gabe.
Hezkuntza publikoa
Kontrolerako bi mozio babestu dituzte udal talde guztiek, hezkuntza publikoa babesteko konpromisoarekin.
Batetik, Amara Berri ikastetxeak Urbieta kalean duen egoitzari irtenbide bat ematea adostu dute, leku falta duelako. Bestetik, Francisco Escudero kontserbatorioaren egoera kaskarra dela eta, jaurlaritzari irtenbide bat eskatuko diote. Besteak beste, egoitza berri batek nabarmen hobetuko luke kontserbatorioaren etorkizuna.


