Eskerrak eman eta elkarrekin gozatzeko festa
Atzoko eguna ederra izan zen IRUTXULOKO HITZA osatzen duten pertsonentzat. Lantaldeak lokal berria estreinatu duela ospatzeko inaugurazio festa egin zuen, Egian, giro ezin hobean eta lagunez inguraturik. Erredakzioan lehenik eta Le Bukowski tabernan ondoren, une bereziz beteriko gaua bizi zuten bertara hurbildu zirenek.
Ametzagaña kaleko 19. zenbakira etorri ziren herritarrek hedabidearen barneak gertutik ikusi eta ezagutzeko aukera izan zuten arratsaldean. Bilera gelak inoiz baino jende gehiago bildu zuen atzo, izan ere bulegoa txiki geratu zen erredakziora hurbildu zen jendetzarentzat. Gainera, auzoko taberna desberdinek prestatutako pintxo sorta ederraz gozatu ahal izan zuten bertan, ziurrenik bat edo beste lokaletik afalduta irtengo zelarik.
Photocall-ean argazkiak atera eta kazetarien nahaste-borrastea kuxkuxeatu ondoren, Le Bukowskira mugitu ziren denak, agertoki gaineko arteaz gozatzeko. Izarne Zelaia bertsolariak jarri zuen lehen nota, Pelaxen gitarraz lagundutako koplekin. Halakoetan ez da erraza izaten jada parranda martxa jarri duen tabernaren arreta erakartzea, baino Zelariaren doinu eta hitz politek lortu zuten jendea kantatzen jartzea.
Ondoren, hedabideko bi langile, Eneritz eta Inaxio, jasotako babesa eskertzera igo ziren agertokira. IRUTXULOKO HITZAk aurten bizi dituen aldaketa guztien berri eman zuten, eta horiek gauzatzen lagundu dutenei eskerrak eman zizkieten.
Harkaitz Canok eta Ion Olanok hartu zieten erreleboa, Martiriaren postalak poesiaren irakurketarekin. Interpretazio aparta eginez, hasierako zirrarak barre-algara bihurtzea lortu zuten poesiak aurrera egin ahala, eta jokalekua prest utzi zioten, hortaz, ondoren zetorrenari. Izan ere, Nerea Arriola aktoreak bakarrizketa umoretsu batekin jaso zuen mikrofonoa, Herrerako jendea Altzakoa den edo ez argitu nahian. Physis versus Pelaxen esku egon zen azken agerraldia, festa giroan murgiltzen jarraitzeko jendea dantzan jarriz, gaueko ordu txikiak arte.