Monpasko pasabidearen proiektua irudikatzen duen muntaia. (Argazkia: FRL Arquitectos)
Ernesto Gasco alkateorde sozialistak aurreratu duenez, Sagueserako Plan Berezi bat prestatzen ari da Donostiako Udala. Nazioarteko izaera eman nahi diote, eta horrela, arkitektura talde garrantzitsuek proposamenak aurkeztea dute helburu. “Sagueseko eremua biziberritzeko proiektua konplexua da, eta Plan Berezi bat enkargatzea da irtenbiderik onena”, esan du Gascok.
Hirigintza saila eta Hego Euskal Herriko Arkitektura eskola arduratuko dira elkarlanean Plan Bereziaren baldintza eta irizpideak zehazteaz. Gascok gaineratu du, Plan Bereziaren lehiaketan ez direla ezinbestekoak izango proposamenetan Monpasko pasabidea eta hotela kokatzea. Dena dela, biak ala biak Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorrean jasota daude, eta horri loturik garatuko dute Plan Berezia.
“Ez dira ezinbestekoak izango, baina sozialisten lehentasunetako bat da pasabidea”, azpimarratu du Gascok. Bide horretatik, Espainiako Gobernu berriarekin harremanetan jarri dira zinegotzi sozialistak Monpasko pasabidearen proiektua hurrengo aurrekontuetan aintzat har dezaten.