Dispertsioak eragindako urteko laugarren istripua salatuko dute
Asteazkenean, uztailaren 4an, elkarretaratzea egingo dute Donostiako udaletxearen alboan, Garikoitz Garcia Arrieta Aretxabaletako presoaren bi lagunek izandako istripua salatzeko. Protesta 19:00etan hasiko da, Dispertsioa STOP lelopean.
Bi lagunek, presoa bisitatuta bueltan zeudenean izan zuten istripua, Teruel inguruan. Etxeratek adierazi duenez, autoa atzealdetik jo zuen haren atzetik zetorren ibilgailuak eta kontrola galdu zuen. Garcia Arrietaren lagunen autoak bi buelta eman zituen guztiz gelditu aurretik. Biak onik direla jakinarazi dute.
Aurtengo laugarren istripua dela adierazi du Etxeratek, eta ezbehar hauen eragile zuzena euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa dela salatu dute. Garcia Arrieta presoa Euskal Herritik 540 kilometrora dagoen Picassenteko espetxean dago.


