Parrilada, saltsa sekretuarekin
Kepa Miranda eta Kepa Miranda, Jolas-Etxea jatetxeko aita-semeak
Duela hamaika hilabete suertatu zitzaien Añorgako Jolas Etxea jatetxea kudeatzeko aukera Miranda aita-semeei. Lehen hilabeteetan, semea ibili zen jatetxea eramaten, aurretik zeuden langileekin batera, eta bosgarren hilabetetik aurrera, aita batu zen proiektura.
Mirandatarren sukaldaritzak berritasun ukitua eman dio jatetxeari, baina biak Añorgakoak izanik, ondo asmatu dute auzoaren esentzia mantentzen. Etxean bezala sentituko dira bertaratzen diren bezeroak.
Nola sortu zitzaizuen Jolas Etxea hartzeko ideia? Gure familiak beste jatetxe bat zeukan auzoan, eta bertan jaio eta hazi naiz ni. 18 urte nituenetik ibili naiz ostalaritzan lanean, eta aitak ere eskarmentua du sektorean. Betidanik begiz jota geneukan lekua, eta Añorga Kirol Elkartearen bitartez izan genuen proiektua hartzeko aukera.
Zein da zuen eskaintza? Astelehenetik ostiralera eguneko menua daukagu, lau lehenengo plater aukeran, beste lau bigarren plater, eta edaria eta kafearekin. Astebukaeran bi eskaintza izaten ditugu. Alde batetik, asteburuko menua daukagu, 18 euroan, eta honetan platerek lanketa handiagoa izaten dute. Beste aldetik, parrila pizten dugu ostiral, larunbat eta igandeetan eta bertan oilasko errea eta parriladak egiten ditugu.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke? Oso zaila da hori erabakitzea, baina eguneko menua jateko Lukainkategi jatetxea gomendatuko nuke. Zerbait desberdina jan nahi duenari Xarma jatetxera joateko esango nioke, eta produktuaz gozatu nahi duenari, Portuetxe jatetxera.



