Gipuzkoako DYAk 45. urteurrena ospatuko du Donostian, igande honetan
Ate irekien jardunaldia egingo du Gipuzkoako DYAk igande honetan, Saguesen. 45 urte bete dituzte aurten, eta urteurrenari loturiko jarduera izango da. 11:00etatik 18:30era DYAk bere lana burutzeko erabiltzen dituen ibilgailu eta bitartekoen erakusketa egongo da.
Herritarrengana gerturatu eta lau hamarkada eta erdi hauetan zehar zaintza eta ongizatearen arloan zein lan mota desberdinetan murgildu izan den erakutsi nahi du. Anbulantzia sendagiledunak edo lur-orotarikoak, errepideko, mendiko edo uretako erreskaterako unitateak, gurpil aulkiak garraiatzeko ibilgailu egokituak, motoak, zabalgune haundiak argiztatzeko iluminazio ekipoak, ospitale mugikor bat… Errekurtso hauek bere osotasunean ikusi ahal izango dira DYAko teknikari batek bere funtzionamendua nolakoa den adierazten duen bitartean.
Horrez gain, eskalada praktikatu ahal izango dute rokodromo eramangarri batean, eta txikienek eremu ludiko bat izango dute puzgarriekin, zauri makillaje lantegiekin, plakak egiten ikasteko tailerrekin, eta globoflexia sail batekin.
Postu iraunkor bat ere egongo da. Bertan, doako eran eta minutu gutxi batzuetan, Bihotz-biriketako Bizkortze (BBB) maniobraren oinarriak ikasi ahal izango ditu nahi duen orok. 17:00etatik 18:00ak bitarte, familia artean BBB-a ikasteko lantegi berezia egingo da heldu eta 6 urtez gorako umeentzat.
Egitaraua biribiltzeko, 12:00etan eta 16:00etan antzerki moduko bat egingo dute haurrentzat. 12:30etik 13:30era, berriz, kirolari sutsuenek kanpoko Zumba saio bat izango dute, biztanleria osoari zuzenduta. Bukatzeko erreskate simulazio bat egingo dute 18:00etan. Bertan, bere ibilgailu barruan harrapatuta geratutako pertsona bat askatzeko erabiltzen diren teknikak erakutsiko dira, beharrezkoa bada hura moztuz.