AHTren aurka Itsasondon egindako ekintzan kateatutako kide baten atxiloketa. (Argazkia: Goierriko Hitza)
2010eko uztailean, AHTaren aurkako hainbat ekintzaile, Itsasondoko meategietan sartu eta bost egunez bidoietan kateatu ziren. Haitzuloetako Aurkariak izena jarri zion taldeak bere buruari, eta Ordizia-Itsasondo zatiko tunelaren leherketak geldiarazi zituzten. Ekintzaileek, binaka elkarri eskuak kateatu eta bidoi batzuetan sartuta, zementuz zigilatu ziren. Azkenik, Ertzaintzak aurkitu eta atera arazi zituen. Ekintza horren harira, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Trenbide Sareak taldearen aurkako salaketa jarri zuten.
Ekintzan parte hartu zuten kideen kontrako
epaiketa uztailaren 25ean hasiko da eta auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute, 9:00etan, Donostiako epaitegiaren aurrean. “Hertsapena eta desordena publikoa” egotzita, urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dute auzipetuetako bakoitzarentzat. Era berean, 60.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu dute, “erantzukizun zibil” modura.
2006an hasi ziren Abiadura Handiko Trenaren lanak euskal lurraldeetan, eta obrak hastearekin batera, proiektuaren kontrako ekintzak eta erresistentziak areagotu egin ziren.Hurrengo urteetan ekimen eta ekintzak biderkatuz joan ziren Euskal Herrian zehar. «AHT EZ Erresistentzia gunea» Urbinan egon zen bi hilabeteetan, eta ondoren, ekintzak beste txokoetara zabaldu ziren.