Ostiralean jai liburuxka argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk
Astekariarekin batera banatuko du 2018ko jai liburuxka. Aurten Donostiako auzo eta herrietako jaien historia bildu du. Izan ere, oraina ulertzeko iraganari begiratu behar zaiola esan ohi da, eta hala egin du IRUTXULOKO HITZAk: orainaren sokatik iraganari tiraka ibili da, erantzun bila. Donostiako auzo eta herrietako jaiak nola sortu diren galdetu dugu han eta hemen.
Gustura sartu gara denboraren makinan, pasadizo, bitxikeria eta argazki bila. Zergatik? Bizipozaren iturburu direlako festak, eta ederra izan delako argazki zaharren artean arakatzen ibiltzea. Festak ospatzeko moduak eta tradizioak eraldatu egin direlako denborarekin, baina irudietan agertzen diren pertsona horien irribarreak eta ondo pasatzeko gogoak gogorarazi digu funtsean ez garela horrenbeste aldatu, beti izango dela gozamena taldean eta elkarrekin ondo pasatzea.
Festei esker auzo eta herriak jai giroan murgiltzen dira eta bizipoza zabaltzen da. Jende askoren ilusioa, gogoa eta lan boluntarioari esker ospatzen dira. Auzo eta herrietako jendeak egin ditu jaiak handi. Haien guztien omenez eta esker onez egin dugu esku ostiralean argitaratuko dugun jai liburuxka.


