Parrilan egindako mendrezka
OSAGAIAK
- Hegaluze-mendrezka
- Pipermina
- Patatak
- Tomatea
- Baratxuria
- Oliba olioa
Roman Araujo, Mil Catas jatetxea
«Soilik eguneko produktuekin egiten dugu lan» Groseko Mil Catas jatetxeko jabea da Roman Araujo San Pedrotarra. Arrain salerosketatik ostalaritzarako jauzia egin zuen duela zenbait urte, eta geroztik oso ondo joan zaio Zabaleta kalean duen txokoan. Nola iritsi zara Mil Cataseko jatetxearen jabe izatera? Jatetxea aurretik existitzen zen. Aurreko jabeak utzi egin zuen, eta San Pedroko nire lagun batek hartu zuen, Iraeta jatetxeko jabe ohiak. Nik arrainak ekarri ohi nizkion, eta horren harira elkartu egin ginen. Jatetxean gauza batzuk aldatzen hasi ginen, besteengandik desberdintzeko. Eta eguneko produktuekin lan egitea eta ikatz parrila bat jartzea erabaki genuen. Hor prestatzen ditugu gure arrain eta haragiak, zaporean eragin handia duela uste dugulako. Aurretik ere itsasoarekiko lotura bat zenuen, hortaz. San Pedrokoa izanik betidanik eduki dut itsasoarekiko lotura handia, bai. Arraunlaria izan naiz, eta, gainera, Pasaiako arrantzaleen lonjan egiten nuen lan, arrainen salerosketan. Hortik datorkigu produktu freskoekin lan egiteko ohitura. Plater berezirik al duzue? Parrilan egindako txuleta eta arrainak, hori da jendeak gehien eskatzen diguna. Zuk, pertsonalki, zerrekin lagunduko zenituzke? Haragia Lodosako piper batzuekin edo piperminekin. Arraina, ordea, osagarririk gabe jatea gustatzen zait, bere zaporea ondo dastatzeko. Oliba olio apur batekin behar duen guztia du niretzat. Eta edateko? Arrainarekin txakolina, dudarik gabe. Eta haragiarentzako Errioxako ardo beltza. Gipuzkoako bakailao pintxo txapelketa irabazi zenuten iaz. Hala da. Arrainaren freskotasuna bermatzeaz gain, bere zaporea ondo mantentzea bilatzen dugu. Pintxo hura 24 orduz marinatutako bakailaoarekin eta pikilloko piperrekin egin genuen. Zure ustez, zerk egiten du berezi Mil Catas jatetxea? Kalitatezko produktu freskoa eta parrila eskaintzeaz gain, bezeroei eskaintzen diegun arreta asko zaintzen dugu. Jendea ongi jatera etortzen da gurera, eta hemen pasatzen duten une horretan eroso sentitu daitezela bilatzen dugu. Donostiako zein taberna gomendatuko zenuke? Nik San Frantzisko kaleko Ipotx taberna gomendatuko nuke, Groseko kroketarik onenak dituelako.


