Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Zubieta: Plazatik sortu zenari bide emanez

zubieta_zaharraZubietaren historiaren parekoa da bertan bizi dituzten festen jatorria. Bi herriren artean banaturik geratu zen XVI. mendean. Hogei baserri Donostiari zegozkion eta hamaika Usurbili. Baina herri sentitzen ziren bertako bizilagunak, eta urteen joan-etorrian mantendu dute hori. 1680an eraiki zuten Santiago eliza, eta santu horri begira hasi ziren Santio jaiak ospatzen uztailaren 25aren inguruan. Izan ere, 25a da Santio eguna. Lehenago hasi eta San Ignazio egunean, uztailaren 31n, bukatzeko ohitura hartu zuten. Santio eguneko soka dantza da egitarauko ikurra, eta argazki zaharrek erakusten dute hamarkadetako tradizioa dela Zubietan. Oilasko biltzaileen eguna ere ohituretan errotua dute, baserria den jatorriari garrantzia emanez. Historiari loturik eman ditu urteak herriko jaiak, baina azken urtean berritzearen alde egin dute jai batzordeko kideek. Zubietako gazteek bultzada berria eman diete festei. Horrela, txupinarekin batera argazki herrikoi erraldoia antolatzen hasi ziren. Gainera, jaien lehen eguna mozorrotuta hasi ohi dute. Iragana, oraina eta etorkizuna uztartzeko konpromisoarekin jarraitzen dute Zubietan Santio jaiak bizitzen eta ospatzen.
HITZAkide HITZAkide