Guardetxeko kideak, auzolaneko egun batean. (Argazkia: Guardetxea)
Igandean, uztailaren 22an, bilera irekia egingo dute Urgulleko Guardetxean. 17:00etan izango da eta bertara gerturatzen direnek etxea ezagutzeko eta Guardetxean etorkizunean egingo diren ekitaldi eta jardueren inguruko proposamenak aurkezteko aukera izango dute.
Guardetxea, modu autogestionatu, boluntario eta parte-hartzailean funtzionatzen duen gune bat da. Erabilera ematen dioten norbanako berdinak dira gunea aurrera ateratzen dutenak, baina espazioaren kudeaketan parte hartzeko aukerak anitzak eta irekiak dira. Unai Sierra, Guardetxeko kideak azaldu duenez, “oso aktibo dago Guardetxea, eta gauza ugari antolatzen ditugu, baina hala ere, jende gehiago behar dugu gunea behar bezala kudeatzeko”. Alde batetik, ikasturtean zehar egiten diren ikastaro luzeak (antzerkia, argazkigintza, haurrentzat zirkoa, etab.) antolatzen dituzte, eta bestetik, kultur eskaintza zabala, besteak beste, kontzertuak, antzerki emanaldiak, hitzaldiak eta eragileen festak.
Sierrak azaldutakoaren arabera, Guardetxean parte hartzeko modu ezberdinak daude, eta esaterako, bertan jarduera edo ekitaldi puntualen bat antolatu nahi duten norbanako edo eragileek,
hilabeteko hirugarren igandean egiten dituzten bilera irekietara joan behar dute eskaera egitera. “Kultura txiki, gertuko, eraldatzaile, alternatibo, feminista, euskaldun eta ez komertziala” lehenesten dute Guardetxean. Era berean, Guardetxearen helburua kolektiboei espazio bat eskaintzea da, beren edukien ekoizpen eta zapalpenerako eta askotariko jendearentzako topagune bat eskaini ahal izateko, “merkatuak baldintzatuak izan gabe”.