Argazkia: Reala
Geronimo Rulli atezainak Realean jarraituko duela adierazi du gaur, bere etorkizunaren inguruan sorturiko zalantza guztiak argituz. Argentinarra bere herrialdera bueltatu zitekeela esan da azken urtean zehar, Boca Juniorsek bereganako interesa zuelako.
Gaur eskainitako prentsaurrekoan egunen batean “Argentinako talde handienean” jokatzea gustatuko litzaiokeela onartu badu ere, une honetan atezain bezala hazten jarraitzeko aukera egokiena Realean jarraitzea dela onartu du Rullik. Zentzu horretan, Realak Luis Llopis Real Madrileko atezainen entrenatzailea fitxatu izanak bere erabakian pisu handia izan duela azaldu du jokalari argentinarrak.