Arteleku plaza berrirako 14 proposamenen erakusketa antolatu du udalak
Txomin Eneako Lanberri auzo elkartearen egoitzan Arteleku plaza berriaren lehiaketara aurkezturiko 14 proposamenak daude ikusgai. Donostiako Udalak ideien lehiaketan proposamen horietako bat saritu arren, auzotarren iritzia jaso nahi du.
Horretarako antolatu dute erakusketa, eta abuztuaren 4era bitarte bisitatu daiteke 17:00etatik 20:00era. Esan bezala, plazaren diseinuari buruz iritzia eman ahal izango dute Txomineko bizilagunek. “Arteleku plaza berria garatzeko proiektu interesgarriak jaso ditugu ideia lehiaketaren bidez. Orain, auzotarrek bukaerako diseinuan parte hartzea nahi dugu”, azaldu du Ernesto Gasco alkateordeak. Irailean prozesu bat abiatuko du udalak jasotako iritzi eta proposamenak aztertzeko.
Auzo berriaren ‘bihotza’
Arteleku plaza berriak 3.675 metro karratu izango ditu, eta Txomin Enea auzo berriko “bihotza” bihurtuko da udalaren esanetan. Hain zuzen ere, Arteleku eraikina zegoen lekuan kokatuko dute, eta izena mantenduko du haren omenez. Plazarekin batera, kiroldegi bat eta jarduera sozial zein kulturaletarako eraikin bat eraikitzea aurreikusten du proiektuak.
Ideia lehiaketako proposamen irabazlea Joaquim Mula arkitekto kataluniarrarena da. “Baina lehiaketaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, udalarena eta auzotarrena izango da azken hitza. Proposamen irabazlea izan daiteke aukeratua edo ez”, esan du Gascok.


