Itsasoan jasotako zaborrarekin musika egingo dute Ondarretan
Itsasoaren omenezko musika ikuskizuna eskainiko dute Rocco Papia musikariak eta Reusonika orkestrak, abuztuaren 24an, Ondarretan. Emanaldi berezia behintzat izango da Itsasoaren soinuak deiturikoa, izan ere, itsasoan bildutako zaborrak eta plastikoak erabiliko dituzte musika tresna gisa. Hain zuzen, Aldundiaren Ingurumen Departamentua lanean aritu da hondartzen sentsibilizazio kanpainan, elkarlanean, Surfrider eta Posidonia Green Project-ekin; kanpaina horretan bildutako zaborra da erabiliko dutena.
Helburua da ezagutaraztea zein garrantzitsua den Gipuzkoako hondartzen kudeaketa egokia. Jaialdiak hainbat karpa izango ditu, itsasoarekin harremana duten Gipuzkoako elkarte anitzekin, eta egongo dira hitzaldiak, kostaldeari buruzko eztabaidak eta ikastaroak. Kanpainak zeharkatuko ditu Gipuzkoako kostaldeko bederatzi udalerriak, uztailean eta abuztuan. Sortutako musika tresna onenak erabiliko dituzte Donostiako jaialdirako.


