Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Dantzan jarri zuen Old School Funky Family taldeak Alderdi Eder

old-school-funky-family

Jazz ukituko funk kontzertua eman zuen atzo Old School Funky Family taldeak. (Argazkia: Heineken Jazzaldia)

Jazzaldiaren lehen eguna zelako, edo arratsaldeko kontzertua zelako, jendea hotz zegoen oraindik Alderdi Ederreko Old School Funky Family taldearen kontzertua hasi zenean. Baina laster berotu zituen ikusleak talde baionarraren funk instrumentalak, eta batzuk dantzatzera ere animatu ziren. Old School Funky Family eskarmentu handiko taldea dela antzeman zen atzoko kontzertuan, instrumentu ugari izan arren, oso soinu garbia ateratzen baitzuen taldeak. Taldeko lau saxofoiek –baritonoa, tenorra, altua eta sopranoa– izan zuten protagonismo handiena kontzertuan, eta guztiek izan zuten haien trebezia erakusteko denbora. Hala ere, David Mimeyren saxofoi tenor bakar saioa gailendu zen besteen gainetik. Bestalde, akordeoiak eta tubak lau saxofoiak biltzen zituzten, taldearen soinuari koherentzia emanez. Funk kontzertu bat izan zen atzokoa, baina jazz ukitu askoko funka jo zuen Old School Funky Familyk, eta horrek freskotasuna eman zion kontzertuari. Aipatzekoa da jo zituzten abesti guztiak propioak izan zirela, hala nola, taldearen azken diskoari izena ematen dion Ping Pong abestia, edota ikusleen artean barreak sorrarazi zituen Mucho Mas Mejor abestia. Aulkiak soberan Hasieratik antzematen zen eszenatokiaren aurrealdean zeuden aulkiak soberan zeudela ikusle batzuentzat. Izan ere, funka dantzatzeko musika da, eta aulkiek hori mugatzen zuten. Baina, kontzertuaren erdialdean, pertsona bat eserlekuen artean dantzatzen hasi zen, eta dantzatzen iritsi zen eszenatokiaren aurrealdera. Musikarien arreta deitu zuen horrek, eta gainontzeko ikusleak berdina egitera animatu zituzten. Hasierako pertsona horri, laster batu zitzaizkion beste dozena bat lagun, eta ez ziren eszenatokiaren aurrealdetik mugitu kontzertu guztian. Azken abestian, eserita zeudenak ere zutik jarri ziren, eta denak dantzan zeudela bukatu zen Old School Funky Familyren kontzertua. Jazzaldia hasteko modu bikaina izan zen atzokoa.
HITZAkide HITZAkide