Musikeneko maila Reunion Big Band taldeak islatzen du
IRUTXULOKO HITZAk atzo argitaratutako elkarrizketan, Musikeneko Reunion Big Band taldeko Xabier Oruesagasti saxofoi-jotzaileak aurreratu zuen “musika estilo askotariko” kontzertua izango zela aurtengoa. Atzo Jazzaldiko Frigo gunean egon zirenek hori konprobatzeko aukera izan zuten, jazza eta swinga nagusi izan ziren arren, funk eta blues ukituko abesti batzuk ere jo baitzituzten.
Aurtengoarekin, bost aldiz jo du taldeak Jazzaldian, baina beti taldeko musikari batzuk aldatuz. Izan ere, Musikeneko ikasleen taldea izanik, ikasketak bukatzen dituzten heinean taldea uzten doaz, eta taldekide berriak sartzen. Horregatik, harrigarria da zein ondo ulertzen duten elkar musikariek eta urtez-urte erakusten duten maila.
Instrumentala izan zen kontzertu gehiena, eta horrela erakutsi zuten zein ondo ulertzen duten elkar taldekideek, ez baitzien nota bakar batek ere ihes egiten. Bertan bildutako zaleek Big Band errepertorio klasikoko abestietaz gozatu ahal izan zuten, hala nola, Count Basieren hainbat abesti edota Charles Mingusen Better Get Hit In Your Soul abestia.
Baina ez zituzten instrumentalak bakarrik egin, Maider Legarreta eta Pedro Montero abeslariek ere abesti batzuetan parte hartu baitzuten, kontzertuaren tonua igoz. Kontzertuko une hunkigarria Ainara Ortega abestera gonbidatu zutenean iritsi zen, Lander Arriola taldekide ohiaren omenez abestu baitzuen.
Stevie Wonderren Isn’t She Lovely abestiarekin ere ausartu ziren, eta ez zuten huts egin. Funk erritmo baten gainean egin zituzten taldekide guztien aurkezpenak, eta Legarretak kantatutako Crazy abestiarekin agurtu ziren. Baina oraindik bis bat geratzen zaien, eta funk erritmora joan ziren Monterok eta Legarretak elkarrekin egin zuten What Is Hip abestiarekin. Horrela, orokorrean leuna izan zen kontzertua dantzan bukatu zuten. Reunion Big Bandek urtero Jazzaldian egotea merezi du.


