Anoeta Estadioko lanetako kontratuen aldaketak onartu dituzte. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Aurreikusita zeuden baino lan txanda gehiago egitea eta langile gehiago kontratatzea adostu du gaur goizean Anoeta Kiroldegiko administrazio kontseiluak. Estadioa berritzeko lanen lehenengo eta bigarren loteen kontratuen aldaketak dira horiek, eta lehenengo fasearen amaiera atzeratuko zuketen hiru gertakariren ondorioz egin dira.
Alde batetik, Hegoaldeko harmaila eraikitzen ari zirenean lur azpiko hodi batzuk topatu zituzten, eta lau hilabeteko atzerapena eragin zuen horrek lanetan. Bestetik, federazioen eta kultur etxearen lekualdaketek bi asteko atzerapena eragin dute, zokaloa handitzea eragin baitute; aurreikusitako 2,5 metroetatik 3,2 metrotara, hain zuzen. Azkenik,
Hospitality proiektuak aurreikusita zeuden igogailuen kopurua handitzera eta estruktura proiektuan hainbat doikuntza egitera behartu ditu, beste bi asteko atzerapena eraginez.
Kontratistak lanak amaitzeko epea luzatzeko eskubidea du, baina adostutako eperako –irailaren 15erako– Mendebaldeko eta Hegoaldeko harmailak amaituta egotea garrantzitsua da klubarentzat. Horregatik aldatu dituzte lehenengo eta bigarren loteen kontratuak. Aldaketa horien ondorioz, goizez, gauez, larunbatetan eta igandeetan ere lan txandak egingo dituzte. Bestalde, udan 96 langile kontratatzetik 180 kontratatzera pasako dira. Kostu ekonomikoari dagokionez, kontratuen kostua %8,9 igoko da, aurreikusitako 39.145.382,62 euroei 3.484.800,60 euro gehituz.